Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan Sebastiane Latino sariaren film irabazlea ikusteko aukera izango dugu. Adierazitako saria GEHITUk ematen du, Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak. Aurreko urtean estreinatutako filmen artean lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako film bati emango zaio saria.
2014ko Sebastiane Latino saria Karim Aïnouz zuzendariaren Praia do Futuro film brasildarrak eskuratu zuen. Filma urte bereko Berlingo zinema-jaialdiko sail ofizialean lehiatu zen.
Sebastiane sariak aurten 16 urte beteko baditu ere, Latinoamerikako filmei emandako sariaren hirugarren edizioa izango da, eta, horren bidez, berretsi egingo da dagoeneko ezaguna den Sebastiane sariak Latinoamerikako zinemari emandako babesa, gainera, lurralde horretako ekoizpenak beti babestu izan dituen Donostia Zinemaldiaren barruan.
Hirugarren edizio honetan, Sebastiane Latino sariaren epaimahaiak aniztasun sexuala babesten duten Latinoamerikako ia film luze guztiak ikusi ahal izan ditu urte osoan. Haietako bakarra aukeratuko badute ere, lan hori posible egin duten pertsona guztiak babestu eta errekonozitu nahi dira, eta, horrez gain, oihartzuna eman nahi zaio Latinoamerikako zinemak LGTB kolektiboa defendatzeko egiten duen gero eta apustu handiagoari.
Aurten, transexualitatearen eta trabestismoaren mundua islatzen duten film ugari sortu dira Latinoamerikan. Beraz, aurtengo gai nagusia izan dela esan daiteke, eta horren adierazgarri da Sebastiane Latinoko epaimahaiak hautatutako bost finalistetatik hirutan jorratu izana.
Finalistetako bi ekoizpen Txilekoak dira, beste bi Mexikokoak eta, azkena, Argentinakoa. Honakoak dira:
CARMIN TROPICAL (MEXIKO) Zuzendaria: Rigoberto Perezcano
Itzulera bati buruzko istorioa da. Mabel jaioterrira bueltatuko da Daniela lagunaren hiltzailea bilatzeko. Nostalgian, maitasunean eta traizioan barrena egindako bidaia da, garai batean trabestismoak ohiz kanpoko garrantzia hartu zuen leku batean.
LA VISITA (TXILE) Zuzendaria: Mauricio López Fernández
Aitaren hiletarako horrenbeste espero zuten semea alaba bihurtuta itzuli eta familiako giro itxia astinduko du, bizirauteko gizonen beharra zutela uste zuten emakumezkoen etxe batean.
EN LA GAMA DE LOS GRISES (TXILE) Zuzendaria: Claudio Marcone
Bruno izeneko arkitekto baten istorioa da hau. Une batean bere bizitzaz gogoeta egiten hasi, eta zalantzan jarriko du benetan amestu zuena ote den, edo, aldiz, ezarri ziotena. Krisialdi horren erdian, Santiagora bidaiatuko du bere ingurunetik aldentzeko. Han, Fer ezagutuko du, Historiako irakasle bat, eta bien artean ezusteko maitasun-harremana sortuko da.
MADE IN BANGKOK (MEXIKO) Zuzendaria: Flavio Florencio
Morgana soprano transgeneroak bere familiaren aurreiritziei eta gizarte-estigmari aurre egiteko erabakitasun handia du, eta gizartearen errekonozimendu osoarekin duintasunez bizitzea da bere asmo sendoena. Helburu horrekin, argiz eta itzalez betetako odisea bati ekingo dio, bizitza osoan eduki nahi izan duen identitatea eraikitzeko, Bangkoken sortutako identitate bat.
MARIPOSA (ARGENTINA) Zuzendaria: Marco Berger
Tximeleta birsorkuntza eta hasiera berriak irudikatzen dituen izakia da, baita Rominaren eta Germanen munduen isla ere, bi errealitate paralelo. Horietako batean, elkarrekiko desioa sentitzen duten eta maitasun horri itxura ematen saiatzen diren anaia-arreba gisa haziko dira, baina sexu-harremanetara jo gabe. Bestean, elkarrekiko sentitzen dutena onartu beharrean, harreman bitxia duten bi lagun gazte izango dira.