"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zuzendari Berriak eta Horizontes Latinos sailetako filmak izango dira sari hau jasotzeko hautagai, baldin eta zuzendariaren lehen edo bigarren lana badira. Saria 18 eta 25 urte bitarteko 230 ikasle gaztek osatutako epaimahai batek emango du.
Gazteriaren Sariak Zinemalditik haratago ere ibilbidea izango du. Zinemaldiko sekzio horretan hobekien baloratzen dituzten pelikulek izango duten bultzada aprobetxatuz, filma horiek EZAEko bazkideen aretoetan proiektatuko dituzte Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Zineuskadi Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoaren bidez. Elkarlan horri esker, emanaldi berezietan eta prezioa jaitsiz eskainiko dira, gazteak pelikulak ikustera animatzeko. Proiekzio bakoitzaren ondoren, zuzenduriko eztabaida bat irekiko da pelikulen balioetan hausnartzeko.
Zinemaldiko filmak gehienbat EZAEren aretoetan proiektatzen dira. Beraz, elkarteak uste du Zinemaldiari ematen dion babes horrek oso aukera ona eskaintzen duela gazteak zine aretoetara erakartzeko eta, aldi berean, Euskadin kultura zinematografikoa zabaltzeko.
EZAEREN SORRERA
Duela hilabete gutxi eratu da EZAE zinema kultura sustatzeko, komunikatzeko eta hedatzeko, baita zine pribatuak iraunarazteko eta dinamizatzeko ere. Bazkideek ibilbide profesional azpimarragarria izateaz gain, leku nabarmena dute euskal kulturan, eta sorkuntzaren nahiz zinema-kultur aniztasunaren alde lan egiten dute.
Era berean, EZAEk zine aretoen ekipamenduak eta jarduerak Euskadiko kultur sarean integratu nahi ditu. Horretarako, EZAE eta ZINEUSKADI elkarlanean ari dira ikus-entzunezkoen kontsumoa bultzatzeko ekintzak sustatu eta Euskadiko zine aretoetara ikusleak erakarri asmoz. Kanpaina horiek, bereziki, euskarazko zinea eta Europako ekoizpenak sustatu nahi dituzte.
EZAEren helburuen artean dago zinea ezagutzera emateko guneak sortzea, garatzea eta hedatzea, baita beste kultura adierazpen batzuk ere. Era berean, ezagutza sustatuko duten guneak sortzearen eta zinea jendarteratzearen alde egiten du apustu. Hori guztia, gizartean tolerantzia, integrazioa eta kohesioa bultzatzeko.