"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Iberoamerikako Zinemaren II. PLATINO sarien izendapenak argitaratu dituzte. Sariok Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak (EGEDA) eta Zinemagintzako eta Ikus-entzunezkoetako Ekoizleen Iberoamerikako Federazioak (FIPCA) sustatzen dituzte. Hautagaien zerrendan nabarmentzekoak dira Donostia Zinemaldiaren aurreko edizioetan hainbat sailetan aurkezturiko izenburuak.
La isla mínima filmak, 62. edizioko Sail Ofizialean estreinatuak eta gizonezko aktore onenaren (Javier Gutiérrez) eta argazki onenaren (Álex Catalán) sariak eskuratu zituenak, 9 kategoriatan ditu izendapenak: fikziozko Iberoamerikako filmik onena, zuzendari onena (Alberto Rodríguez), gizonezko aktore onena (Javier Gutiérrez), jatorrizko musika onena (Julio De La Rosa), gidoi onena (Rafael Cobos, Alberto Rodríguez), muntaketako zuzendaritza onena (José M. G. Moyano), arte-zuzendaritza onena (Pepe Domínguez), argazki zuzendaritza onena (Alex Catalán) eta soinu-zuzendaritza onena (Daniel De Zayas, Pelayo Gutiérrez, Nacho Royo-Villanova).
Pelo malo filmak Urrezko Maskorra eskuratu zuen 61. edizioan, eta zortzi kategoriatarako dago izendatuta: fikziozko Iberoamerikako filmik onena, zuzendari onena (Mariana Rondón), emakumezko aktore onena (Samantha Castillo), gidoi onena (Mariana Rondón), muntaketa-zuzendaritza onena (Marité Ugas), arte-zuzendaritzarik onena (Matías Tikas), argazki-zuzendaritzarik onena (Micaela Cajahuaringa) eta soinu-zuzendaritzarik onena (Lena Esquenazi, John Figueroa).
Horizontes Latinos sailean izan ziren Iberoamerikako beste izenburu batzuk honako sari hauengatik lehiatuko dira: O lobo atrás da porta filmak 61. Zinemaldiko Horizontes saria eskuratu zuen, eta Leandra Leal emakumezko aktore onenaren saria eskuratzeko dago izendatuta; Ciencias naturales filmak, berriz, aipamen berezia eskuratu zuen iazko edizioko Horizontes sarian, eta fikziozko Iberoamerikako opera prima onenaren sarirako izendatu dute.
Bestalde, iazko edizioan aurkeztutako beste lau film ere izendatuta daude: Paco de Lucía. La búsqueda dokumentala, Francisco Sánchez Varela zuzendariarena, Zabaltegi sailean aurkeztua eta La sal de la tierra, Wim Wenders zuzendariarena eta iazko Zinemaldian Publikoaren saria lortu zuena, film dokumental onenaren saria eskuratzeko lehiatuko dira; Benicio del Toro, 2014ko Donostia sariduna, gizonezko aktore onenaren saria eskuratzeko lehiatuko da Perlak sailean aurkeztu zen Escobar: Paraíso perdido filmean egindako lanagatik; eta Dixie eta matxinada zonbia animaziozko film onenaren saria eskuratzeko hautagaietako bat da.
Azkenik, aurtengo edizioko faborito nagusietako bat Relatos Salvajes filma da, Damián Szifrón zuzendariarena eta 62. edizioan Publikoaren Europako film onenaren saria lortu zuena. Perlak sailaren barruan estreinatu zuten esandako filma Espainian, Canneseko zinema-jaialdian parte hartu ondoren, eta hamar izendapen ditu: fikziozko Iberoamerikako film onena, zuzendaritza onena, gizonezko aktore onena, emakumezko aktore onena, jatorrizko musika onena, gidoi onena, muntaketa-zuzendaritza onena, arte-zuzendaritza onena, argazki-zuzendaritza onena eta soinu-zuzendaritza onena.
Iberoamerikako zinemagintzaren sariok bigarren aldiz emango dituzte uztailaren 18an, Marbellan (Espainia).