Aurten, guztira 121 film jaso ditugu, 25 herrialdetatik: Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Bolivia, Brasil, Costa Rica, Ekuador, El Salvador, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia, Guatemala, Herbehereak, Hong Kong, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Panama, Peru, Portugal, Puerto Rico, Suitza, Txile, Uruguai eta Venezuelatik.
Film hauek aurkeztuko dira 26. Zinema Eraikitzen-en: Ana Katzen Mi amiga del parque (Argentina-Uruguai); Jayro Bustamanteren Ixcanul (Guatemala-Frantzia); Salvador del Solaren Magallanes (Peru-Argentina-Kolonbia); Aly Muritibaren O homem que matou a minha amada morta / To My Beloved Dead (Brasil); Sergio Castroren La mujer de barro (Txile-Argentina) eta Eugenio Canevariren Paula (Argentina-Espainia).
Zinema Eraikitzen ekimenaren 26. edizioan ikusi ahal izango diren filmetako bik Europa-Latinoamerika I. Koprodukzio Foroan parte hartu zuten, proiektu gisa. Ana Katzen Mi amiga del parque-k eta Aly Muritibaren O homem que matou a minha amada morta / To My Beloved Dead-ek.
Zinema Eraikitzen-en 26. edizioan, 200.000€-rarteko balioa izan dezakeen Industriaren Zinema Eraikitzen saria emango da. Daniel Goldstein, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones, No Problem Sonido eta Vértigo Films enpresak film baten postprodukzioaz arduratuko dira –ingelesez azpititulaturiko DCP kopia egiteraino–, eta horrez gain, filma Espainian banatuko dute.
Zinema Eraikitzen Latinoamerikako zinemari laguntzeko programa bat da, eta urtean bitan egiten da, Donostiako Zinemaldiaren eta Cinélatino-Rencontres de Toulouse jaialdiaren barruan.
Zinema Eraikitzen-ek honako enpresa eta erakunde hauen babesa dauka: Association Rencontres Cinémas d'Amérique Latine de Toulouse (ARCALT), Daniel Goldstein, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Media Programa, Nephilim producciones, No Problem Sonido, Ibermedia programa, Vértigo Films. Halaber, hauen laguntza jasotzen du: Caisse Centrale d'Activités Sociales (CCAS), Centre National du Cinéma et de l'Image Animée (CNC), Cetim, CINÉ +, Cinéfondation, Commune Image, Confédération Internationale des Cinémas d'Art et Essai (CICAE), Conseil Général de la Haute Garonne, Conseil Régional Midi-Pyrénées, CROUS de Toulouse, Eaux Vives, École Supérieure d'Audiovisuel (ESAV), EP2C - Postproduction Training Programme, Europa Distribution, Fila 13, Firefly, La Trame, Mactari, Mairie de Toulouse, Ministère de la Culture et de la Communication, Producers Network, Signis eta Titra TVS.
Liz garai zailean dago. Lehenengo haurra izan du, Nicanor, eta Gustavo senarra Txilen dabil, filmatzen. Liz galduta eta bakarrik dagoela dirudi, eta egunero etxe ondoko parkera joaten da. Han, ama talde bat eta aitaren bat ezagutuko ditu eta Rosarekin topo egingo du. Hura Clarisaren ustezko ama eta Renata ezegonkorraren ahizpa da. Adiskidetasun sendo horretan sortuko den konplizitate bereziaren eraginez, lagun berriek aitorpenak eta etxeko lanak partekatuko dituzte, eta pixkanaka, baita garrantzitsuena ere: seme-alaben zaintza. Mi amiga del parque proiektuak Europa-Latinoamerika I. Koprodukzio Foroan parte hartu zuen.
María, 17 urteko maia kaktxikel gaztea, gurasoekin bizi da kafea lantzen duen etxalde batean, Guatemalako sumendi aktibo baten magalean. Hitzarmen bati jarraiki ezkondu beharra dauka, eta proiektu hori onartu nahi ez duen arren, ezin dio uko egin. María bere zoria aldatzen saiatuko da, nahiz eta emakume indigena izan. Baina haurdunaldiko arazo batek ospitale bat bilatzera behartuko du: amestu zuen mundu modernoak bizia salbatuko dio, baina prezio altuegi baten truke. Jayro Bustamantek Europa-Latinoamerika I. Koprodukzio Foroan parte hartu zuen, El escuadrón de la muerte proiektuarekin.
Magallanesen bizitza interesgabeak astinaldi bat izango du, Peruko armadako soldadu izan zen urte bortitzetan ezagutu zuen emakumea, Celina, Limako kale baten erdian bere taxira sartzen den egunean. Batzen dituen iragan ilunarekiko ezusteko topaketa horrek bultzatuta, Magallanesek Celinari dirua lortzen laguntzeko eta bere ardurez libratzeko plan arriskutsu batean parte hartuko du.
Fernando gizon ona da eta Daniel semea zaintzen du; mutiko lotsati eta sentibera. Ana emaztea hil ondoren, Fernandok gauero gogoratzen du, haren gauzak bilduz. Egun batean, VHS zinta bat aurkituko du. Horrek errutina aldaraziko dio eta emazte maitearen irudia hondatu dion gizonaren atzetik ibiliko da. Europa-Latinoamerika I. Koprodukzio Foroan parte hartu zuen.
Hamar urtean ez bezalako eurite handia egin duen arren, eskualdean azken hamarkadako lehorte gogorrena izaten ari dira. María Cartagenak, 49 urteko emakumeak, Teresa alaba zaintzen du, Argentinarekiko mugatik kilometro gutxira. Bere ametsa hiriburuan bizitzea da; hogeita hamar urtetan zehar ikusi ez duen anaiarekin batera bizitzea. Horretarako, uda horretan alaba utzi egin beharko du, mahats-bilketa denboraldian lan batetik bestera ibiltzeko, landa eremuko mikrobusean.
Paula gazteak familia burges baten etxean lan egiten du, seme-alabak zaintzen, eta bizi ere han bizi da. Bere bizitzan ezusteko aldaketa bat gertatuko da, haurdun dagoela eta umearen aitak bere gain hartu nahi ez duela jakitean. Haurdunaldia ezkutatzea erabakiko du Paulak, eta irtenbide gisa, abortatzen saiatuko da, baina bakarrik eta dirurik gabe egonda, ez da batere zeregin erraza izango. Bien bitartean, etxekoak familiako haur txikietako baten, Nachiren, urtebetetze-festako prestaketekin lanpetuta daude. Badirudi inor ez dela jabetu Paularen haurdunaldiaz. Denborak aurrera egingo du eta Paulak ez du bere helburua lortuko. Festaren egunean, gonbidatuek egonaldiaz gozatuko dute, Paularen arazoaren berri izan gabe. Haurdunaldia oso aurreratuta dago eta familiak ezusteko egoera bati aurre egin beharko dio. Eugenio Canevariren lehenengo pelikula da. 2013an, Donostiako Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan parte hartu zuen, Gorila baila film laburrarekin.