"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak zazpi urte egin ditu zentzumen-urritasunak dituzten ikusleengana hurbiltzen, azken hirurak, gainera, hiru hizkuntzatan. Gala guztiak zuzenean azpititulatuko dira, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez aldi berean, eszenografian txertatutako pantailetan; Ezgaitasunari buruzko Errege Patronatuari esker izango da, eta Azpitituluetarako eta Autodeskripziorako Espainiako Zentroaren babesarekin.
Karlos III.a Unibertsitateak ere laguntzen du ekimenean; hala, UC3Mtitling zuzeneko azpitituluetarako garatu duen teknologia utzi du, eta berau hiru galetan erabiliko da hiru hizkuntzetako estenotipiekin batera. Arcelor MittalGipuzkoaren, Adecco fundazioaren eta APTES elkartearen laguntza ere jaso da.
Jarduerak urritasun sentsorialak dituzten ikusleengana hurbiltzearen alde egin du Donostia Zinemaldiak 2008tik aurrera. Horregatik, ekitaldi nagusiak entzumen-urritasuna duten pertsonentzat irisgarri dituen Espainiako lehen zinema-jaialdia da oraindik.
Entzumen-urritasuna duten pertsonek inaugurazio-gala eta amaiera-gala jarraitu ahalko dituzte zuzenean. Bi gala horietan, Benicio del Toro eta Denzel Washington aktoreek Donostia saria jasoko dute, beraien ibilbide profesionalen errekonozimentu moduan.
Aurten, Ezgaitasunari buruzko Errege Patronatuak mahai-inguru bat antolatuz ere hartu nahi izan du parte Zinemaldian. «Ezintasunak dituzten pertsonentzako zinemako azken aurrerapenak» izena izango du, eta teknologiaren eta irisgarritasunaren arloetako zinema-aretoetako egoeraz arituko dira. Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren bidez film irisgarriak banatzeko laguntzak ere jorratuko dituzte.
Honako hauek izango dira mahai-inguruko parte-hartzaileak: Jesús Celada Ezgaitasunari buruzko Errege Patronatuko koordinatzailea, Guadalupe Melgosa Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Promozioko eta Nazioarteko Harremanen zuzendariorde nagusia eta Ángel García Crespo Azpitituluen eta Autodeskribapenaren Espainiako Zentroko (CESyA) ordezkaria.
Gala irisgarriak:
Inaugurazio-gala, Donostia sarien banaketa eta amaierako gala.
Mahai-ingurua:
«Ezintasunak dituzten pertsonentzako zinemako azken aurrerapenak»
Irailaren 20a, larunbata, 16:00etan, Kursaalean.
Informazio gehiago behar izanez gero: www.cesya.es eta 916 244 031