Donostia Zinemaldiak Europako eta Latinoamerikako zinema-industriaren erreferentziazko plataforma eta topaleku bilakatzearen aldeko apustua egiten du. The Industry Clubek, Zinemaldiko industria sailak, jarduera profesionalak zentralizatu eta koordinatzen ditu, Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizle-elkarteekin, Latinoamerikako zinema-institutuekin, Europako erakunde eta elkarte profesionalekin eta abarrekin sarean lan eginez.
2013an, 54 herrialdetako 826 enpresatako 1.292 profesional etorri ziren Donostiara.
Bere lana egiteko, The Industry Clubek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren eta Creative Europa programaren babesa dauka.
The Industry Clubek antolatzen dituen jarduera nagusiak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa eta Zinema Eraikitzen dira. Halaber, IBAIArekin lankidetzan (Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Lau Haizetara izeneko Dokumentalen Koprodukzio Foroa antolatzen du.
Europa-Latinoamerika III. Koprodukzio Foroan, garapen fasean dauden Europako eta Latinoamerikako 15 proiektu aurkeztuko dira (finantzazioaren % 20, gutxienez, ziurtatuta eduki behar dute). Arduradunek proiektuak aurkezteko aukera izango dute (pitching-ak) eta industriako profesionalekiko hitzorduen agenda pertsonalizatu bat ere izango dute. Foroa, era berean, Donostiako Zinemaldian akreditatuta dagoen industriaren topaleku izango da. Hala, hiru egun horietan, bilgunea eta networking-erako gunea izango da. Gainera, Foroaren iraunaldian, San Telmo Museoan, zinema-industriarekin lotutako gaurkotasunezko gaiei buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira, esperientziak eta ezagutza partekatzea bultzatzeko.
Foroaren esparruan, Donostia Zinemaldiak, aurten, Focus on Canada antolatuko du, Telefilm Canadarekin elkarlanean. Hamabi ekoizle kanadarren ordezkaritza bat Donostiara etorriko da, Zinemaldia lehen eskutik ezagutzera, harreman profesionalak egitera eta bai Koprodukzio Foroan bai Industry Clubeko gainerako jardueretan parte hartzera.
Zinema Eraikitzen sailaren 26. edizioak berriz ere postprodukzio-prozesuan zailtasunak dauzkaten Latinoamerikako sei pelikula aurkeztuko ditu, industriako profesionalez osatutako audientzia baten aurrean, filmak bukatzeko eta banatzeko beharrezkoa duten finantzazioa lortzeko helburuarekin.
Europa-Latinoamerika III. Koprodukzio Foroko Proiektu Onenari EGEDA Sariaren eta Zinema Eraikitzen saileko 26. edizioko Industriaren Sariaren irabazleen izenak Industriaren Kopan jakinaraziko dira, hiru lan-jardunaldien amaiera gisa.
Aldi berean, Zinemaldi osoan, Industry Clubek Kursaal zentroko egoitzari eutsiko dio. Han, hainbat aurkezpen, mahai-inguru eta jarduera egingo ditu, 8. eta 9. aretoetan. Agenda Profesionalaren programa osoa, jarduera guztiak eta haien ordutegiak barne, iraileko lehenengo astean iragarriko da.
Industry Clubek industriako profesional akreditatu guztiei hainbat zerbitzu erabiltzeko aukera emango die, Donostiako egonaldia ahalik eta emankorrena eta gogobetegarriena izateko. Horrez gain, webgune ofizialeko Arlo Profesionalerako sarbidea izango dute. Atal horretan, bertaratutako profesionalei buruzko informazioa, Zinemaldian programatutako pelikulen arduradunekin harremanetan jartzeko datuak eta bideoteka aurkituko dituzte (azken horren hornitzaile teknikoa Cinando da). Bideoteka erabiltzeko pasahitzak in situ emango zaizkie, Industry Clubean, Zinemaldia hastean.
Informazio gehiagorako: industryclub@sansebastianfestival.com