Izen handiko zinemagileen beste nazioarteko talde batek ere Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko ditu bere pelikulak. Film horiek guztiak, aurretik iragarritakoekin batera, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira. Laster, Sail Ofiziala osatuko duten pelikula gehiago baieztatuko ditugu.
Anahí Berneri zuzendari argentinarra berriz lehiatuko da Sail Ofizialean, 2012an Europa-Latinoamerika I. Koproduzio Foroan parte hartu zuen film honekin. Lucía eta Manuel senar-emazte gazteek, itxuraz, ahaztuta daukate zer proiektuk eta zer desiok elkartzen zituzten. Banandu ostean, Lucía eta Manuel berriro elkartuko dira beren desioekin, baina, aldi berean, urrutiratu egingo dira. Nerabe sentitzen dira, eta heldugabe direla ikusiko dute. Biak batera babestuko dituen teilatuperik gabe, kale gorrian, ez dute asmatuko etxera nola itzuli.
Gabe Ibáñezek Antonio Banderas protagonista duen thriller futurista bat egin du. Polizia-generoaren eta westernaren arteko fikziozko pelikula bat, eta Singulartasun Teknologikoa du ardaztzat; Adimen Artifiziala giza adimenaren mailara iritsi eta gaindituko duen uneaz espekulatzen duen teoria.
Noraino irits ote daitezke pertsona ondraduak, tragedia batek bidezkoa eta bidezko ez dena nahaspilatzen baditu? Susanne Bier zuzendariak (ingelesez besteko film onenaren Oscar sariaren irabazlea 2011n, In a Better World filmarekin) eta Anders Thomas Jensen gidoilariak drama harrigarri eta hunkigarria sortu dute, kontatuz zeinen erraz gal dezakegun justiziaren sena pentsaezinari aurre egiten diogunenan eta bizitza kinka larrian ikusten dugunean. Egoera sinesgaitzetan dagoen jende arruntari buruzko istorio hunkigarria.
Maxime Giroux zuzendari kanadiarrak Félixen eta Meiraren istorioa kontatuko digu hirugarren film luzean. Sosik gabeko franko-kanadiar eszentrikoa da Félix, eta bere aita diruduna hiltzear dauka. Meira, berriz, judutar jasidiko ezkondua da, seme baten ama. Ez zegoen aurreikusita biek elkar ezagutzea, ezta bata bestearekin maitemintzea ere.
Cristian Jiménez zuzendari txiletarra Donostian izango da berriro, eta Sofiaren istorioa kontatuko digu: 35 urteko emakume honek bi seme ditu, izugarri maiteak. Baina azken boladan guztia gaizki aterako zaio. Duela gutxi banandu denez, arima bakean izatea du gogoan, eta alderantzizko isiltasun-botoa egitea erabakiko du: urtebete emango du mugikorrik, telebistarik, Internetik eta irakurketarik gabe. Bakeak, ordea, ez dio asko iraungo.
Cédric Kahn zuzendari frantziarraren pelikula berria Philippe Fournier-en bizitzaren ingurukoa da. Gizon horrek bere bi semeekin bizitzea eta amari ez itzultzea erabaki du, amak zaintza lortu ondoren. Haurrek, Okyessak eta Tsalik, ezkutuan bizi beharko dute, Poliziak jazarrita, baina beti libre eta etengabe mugitzen.