Atzo arratsaldean banatu zuten Alliance Française Euskadi saria. Donostia Zinemaldiari eman diote aurtengo edizioan, aho batez.
Euskadiko Alliance Française etxeak Frantziako hizkuntza hedatzea eta irakastea du xede, baita frankofoniaren balio kulturalik onenak sustatzea ere. Xede horrekin sortu zuten Alliance Euskadi saria; hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan frantsesaren ezagutza, Frantziako kultura eta tradizio politiko frantsesik onenaren balio zibiko klasikoak modu nabarmenean sustatu dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak errekonozitzen ditu, indibidualak zein kolektiboak.
Euskadiko Alliance Française etxearen epaimahaiko presidente Luisa Etxenikeren iritziz, Donostia Zinemaldiak nabarmen betetzen ditu baldintza horiek: «Izan ere, betidanik eta zailtasunak zailtasun, zinemagintzako sorkuntza-lanei eta ekoizpenei dagokienez, Frantziako kultura sustatzen lagundu du zazpigarren artearen munduan, Zinemaldian parte hartu duten epaimahaiak osatzean, Zinemaldiaren palmaresean, aktoreak eta ekoizleak aukeratzen... Tradizio kultural eta intelektual onenetako bat, gure artean bizirik, eta herritar eta kulturzale garen aldetik, gure babes eta errekonozimendu osoa merezi du».
Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek Gasteizko Villasuso jauregian egindako ekitaldian jaso zuen saria.
Une horretan Morgan Creativos etxeko Carlos Rodríguezek Zinemaldirako egindako bideo bat erakutsi zuten. Lan honetan, Zinemaldiko historian zehar, bertaratu diren zinemagile eta aktore frantses nabarmenenen ibilbidea errepasatzen da.
http://alianzafrancesaeuskadi.org
Luisa Etxenikeren hitzaldia ALLIANCE FRANÇAISE EUSKADI Saria Zinemaldiari emateko ekitaldian.
Bonsoir, gabon guztioi,
André Malraux idazle frantziarrak esan zuen bizitzea esperientzia ezaguera bihurtzea dela. Bada, esaldi hori modu, bitarteko egokia iruditzen zait Donostia Zinemaldia aurkezteko, aintzat hartuta hirurogei urtetik gora dituela; irailean, hirurogeita bigarren edizioa ospatuko du.
Zinemaldiaren garrantziaz jabetzeko, noski, denbora horretan guztian bertan bizitakoaren esperientzia ekarri behar da gogora: ehunka film eman dira; mundu osoko ehunka artistaren elkargune izan da, askorentzat, ibilbidearen abiapuntu, eta gorenean zeuden beste hainbesterentzat, ezinbesteko bisitaleku; ehunka eztabaida, argitalpen eta albiste zabaldu dira Donostiatik mundura; alegia, gertakari-kate amaiezina. Azken batean, hori guztia aberastasun kultural eta sinboliko eskergaren isla da. Ez hori bakarrik, aberastasun materiala ere ekarri baitio Gipuzkoako hiriburuari, hala nola herrialde osoari.
Alabaina, Donostia Zinemaldiaren garrantziaz modu burutsuan jabetzeko, esperientzia hori, bizipen horiek guztiak nahitaez eraldatu, eta ezaguera bihurtu behar dira; horrek guztiak sei hamarkada pasatxo horietan izan duen esanahiaren ezaguera, beraz.
Ezagun izan behar dugu, esaterako, Zinemaldiak mugak ireki dituela, noiz eta debeku-garaian, noiz eta mugok itxita zeudenean (aski duzue atzera begiratu, eta Espainiaren historiako azken hirurogei urteei erreparatzea).
Ezagun izan behar dugu, halaber, Zinemaldia izan dela kosmopolitismoaren irudi, tentagarriena barnera biltzea edo endogamian uzkurtzea zenean.
Izan ere, askatasun-iturri izan da, eta askatasuna izan du hizpide, diktadura eta intolerantzia nagusi zirenean.
Tragedia eta tristezia beltzenak arindu dizkigu glamour dosiekin. Eta bai, askotxo jasan ditugu gurean duela ez asko arte.
Izan ere, Zinemaldiak ahots, ikuspegi sozial eta politiko askotarikoak ezagutzeko eta geureganatzeko aukera eman digu diskurtso eta pentsamendu bakarrak agintzen zuenean. Halaxe ezagutu ditugu proposamen estetiko eta eskakizun etiko asko eta asko; alegia, Besteak, hainbeste dira!
Izan ere, mundu osoko filmak ikustea mundu osoko Besteak ikustea da. Hau da, Besteari erreparatzea Besteaz jabetzeko aukera baliotsu eta ordainezina eskuratzea da; Bestearekin harremanetan jartzeak esan nahi, eman eta eskatzen duena eskuratzea.
Bestearekiko, desberdinarekiko harremanak dira munduaren funtsa. Horietan datza munduaren zoriona edo zorigaitza; horietan, norbanakoena.
Hori dela eta, Bestearekin ondo egoten ikastea, ondo egon nahi izatea, ongizate horren baldintza pertsonal, sozial, ekonomiko eta politikoak diseinatzea da, hain zuzen, humanismoaren asmo nagusia, hala nola Ilustrazioko pentsamoldearen balio gorena. Hori guztia Frantzian gauzatu zen aurrena, eta mundura hedatu, munduan sendotu gero, mundutarren mesedetan.
Alliance Française Euskadi Sariak Frantziako kulturaren eta frantsesaren hedapenari egindako ekarpena saritzeko asmoa du. Ez dago zalantzarik, Donostia Zinemaldiaren ekarpena funtsezkoa izan da: kontaezinak dira Donostian egon eta saritutako Frantziako filmak eta artistak. Jarraian ikusiko dugu horren froga Zinemaldiak ekitaldi honetarako propio prestatutako bideoan. Eskerrik asko lan bikain horrengatik.
Alabaina, Alliance Française Euskadi Sariek gizabide frantses bikainaren balioen araberako ekimenak ere saritu nahi dituzte. Esan dut lehen ere, Frantzian gorpuztu zen tradizio hori; humanismoa. Edonorako humanismoa, mundu osorako pentsamendu ilustratua, gizaki orok bere egiten duen eta berezkotzat hartzen duen gizalegezko konpromisoa. Gizatasuna, trilogia ospetsu honetan emana: Askatasuna, berdintasuna, elkartasuna.
A sa façon, avec les instruments puissants du Cinéma et de la Culture, le Festival International du Cinéma de Saint-Sébastien a contribué à la diffusion, au rayonnement de ces valeurs pendant plus de soixante ans : en ouvrant des frontières, en créant des espaces de libre expression et de dialogue fertile avec l´autre et les autres du monde.
Il a décliné ce message fondamental : Liberté, Egalité, Fraternité, à sa manière culturelle et festive ; solennelle et en même temps glamoureuse.
Hala bada, zinema eta kultura bitarteko funtsezkotzat hartuta, Donostia Zinemaldiak balio horien hedapena ahalbidetu du, ikusgarri egin baititu hirurogei urte pasatxo hauetan: mugak ireki, eta adierazpen askeko eta Bestearekin nahiz munduko Bestelakotasunarekin harreman oparoak izateko guneak sortu ditu.
Hots, funtsezko lelo hori bere mintzaera bihurtu du: Askatasuna, Berdintasuna, Elkartasuna, kultura eta jaia uztartuz, solemnitatez eta, aldi berean, glamourrez.
Esandako guztiagatik, ohore handiz presidente izan naizen Alliance Française Euskadi Sariaren epaimahaiak aho batez erabaki du saria Donostia Zinemaldiari ematea.
Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek jasoko du saria, Alliance Française
Euskadiren presidente Jean-Pierre Gómezen eskutik.
Zorionak.