"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak-Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunearen elkarlanean antolaturiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak ikus-entzunezkoen arloko esperientziak eta ikaskuntza elkarbanatzea du xede.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren babesa du, ekimen horrek sustatu nahi dituen tokien eta lan moduen adierazgarria baita.
Zuzendari gazteek beren film laburrak erakusteko aukera daukate topaketa honetan, bertaratzen diren adituen iritziak jaso eta beraien interesguneak lantzeko tailerretan eta master class-ean parte hartu. Aukeraturiko lanak publikoari eta Zinemaldiaren gonbidatuei zuzendutako saioetan izango dira ikusgai. Saio horietan ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalak egongo dira, eta, horrela, beren lanak aurkezten dituzten ikasleekin hitz egiteko aukerak sortuko dira. Horrela, ikasleek zine industriak nola funtzionatzen duen ezagutu dezakete.
Hautaketara aurkezten den eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkeztu ahal izango ditu eta hauek 2013/2014 ikasturtean egindakoak izan beharko dira. Guztira hamalau eskola inguru lehiatuko dira Topaketan eta bakoitzak aurkezturiko hiru lanen artetik onenak erakutsiko dira.
Film irabazlea zein den erabakitzeko epaimahai bat osatuko da parte hartzen duten eskoletako ikasleekin. Zinemaren alorreko pertsona ospetsu baten laguntza izango du talde horrek. Guztien artean erabakiko dute nor izango den Panavision eta Freak Agentziaren sarien irabazlea. Epaimahaiak zehaztuko du, halaber, nor izango diren Cannes-eko hurrengo zinema jaialdiaren Short Film Corner-en parte hartzeko aukera izango duten hiru zuzendariak.
Aurten lehenengo aldiz Torino Award-a eta BioBio Saria banatuko dira. Lehenengoaren bitartez Topaketan parte hartzen duen zuzendari batek TorinoFilmLab-eko edozein programatan parte hartzeko aukerarekin saritua izango da. BioBio Sariari esker Panavision Sariarekin saritutako laburmetraia datorren BioBio Cine, Concepcioneko (Txile) Nazioarteko Jaialdiaren aukeraketaren parte izatera pasako da zuzenean.
Ekainaren 2tik aurrera eman ahal izango da Topaketan izena. Formularioa eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketarekin lotutako beste informazio batzuk data horretatik aurrera egongo dira eskuragarri Zinemaldiaren (www.sansebastianfestival.com) eta Tabakaleraren (www.tabakalera.eu) webgune ofizialetan, baita www.eiecine.ning.com gunean ere. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 2an bukatuko da.