"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Iragan apirilaren 5ean egin zen Panaman Iberoamerikako Zinemaren Platino Sarien banaketa. Sariok Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak (EGEDA) eta Zinemagintzako eta Ikus-entzunezkoetako Ekoizleen Iberoamerikako Federazioak (FIPCA) sustatzen dituzte.
Ekitaldiko irabazle nagusia Sebastián Leiloren Gloria filma izan zen. Filma honek Donostia Zinemaldiaren 60. edizioko Zinema Eraikitzen saileko Industriaren Saria jaso zuen 2012an, eta urtebete geroago Perlak sailean aurkeztu zen. Gloria film onenaren, gidoi onenaren (Sebastián Leilo) eta emakumezko aktore onenaren kategorian saritu dute. Saritutako Paulina García aktorea Zinemaldiko epaimahaikide izan zen 61. edizioan.
Zuzendari onenaren saria jaso du Amat Escalantek Heli filmarengatik. Film hau ere Horizontes Latinos sailean aurkeztu zuten, Canneseko zinema-jaialdian estreinatu ondoren. Escalante, bestalde, Zinema-ikasleen Nazioarteko Topaketako epaimahaikide izan zen iazko edizioan.
Bi sari jaso ditu 61. edizioa inauguratu zuen Juan José Campanellaren Futbolín (Metegol) filmak: animaziozko film onena eta jatorrizko musika onena (Emilio Kauderer). Gainera, Iberoamerikako koprodukzio onenaren saria jaso du Lucía Puenzoren El médico alemán-Wakolda filmak. Hau ere, Cannesen estreinatu ondoren, Horizontes Latinos sailean eman zen. Azkenik, dokumental onenaren saria jaso du Zinemaldiko Made in Spain atalean aurkeztu zen Diego Galánen Con la pata quebrada filmak Canneseko Zinemalditik pasa ondoren.