"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Iberoamerikako Zinemaren lehenengo Platino Sariak Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak (EGEDA) eta Zinemagintzako eta Ikus-entzunezkoetako Ekoizleen Iberoamerikako Federazioak (FIPCA) sustatzen dituzte eta, dagoeneko, argitaratu dute aurtengo izendatuen zerrenda. Hautagaien zerrendan nabarmentzekoak dira iazko Zinemaldiko hainbat sailetan aurkezturiko izenburuak.
Sail Ofizialean izan ziren filmen artean, bostek lortu dituzte izendapen garrantzitsuak: Vivir es fácil con los ojos cerrados film onenerako izendatu dute, baita zuzendari eta gidoi onenaren sarirako (David Trueba) eta aktore onenaren sarirako (Javier Cámara) ere; horretaz gain, Las brujas de Zugarramurdi filmaren lehiakide izango da, azken honek ere film onenaren sarirako izendapena jaso baitu, musika original onenerakoaz gain. Bestalde, Caníbal filmeko Antonio de la Torre gizonezko aktore onenaren sarirako izendatu dute, eta La herida filmeko Marian Álvarez emakumezko aktore onenaren sarirako; Futbolín (Metegol) animaziozko film onenaren eta musika original onenaren sarietarako izangaietako bat da.
Horizontes Latinos sailean izan ziren Iberoamerikako beste izenburu batzuk honako sari hauengatik lehiatuko dira: El médico alemán-Wakolda, film onenaren, zuzendari onenaren eta gidoi onenaren (Lucía Puenzo) sarietarako eta emakumezko aktore onenaren (Natalia Oreiro) sarirako izendatua; Heli, film onenaren eta zuzendari onenaren (Amat Escalante) sarietarako izendatua; La jaula de oro, film onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Karen Martínez) kategorietan, eta Anina, faboritoetako bat animaziozko film onenaren kategorian. Izendatutako lanen artean nabarmentzeko beste izenburu bat Gloria da. Filma Perlak sailean izan zen eta film onenaren, zuzendari onenaren, gidoi onenaren (Sebastián Lelio eta Gonzalo Maza) eta emakumezko aktore onenaren (Paulina García) kategorietan lehiatuko da.
Azkenik, Zabaltegi sailean aurkezturiko Sigo siendo (Kachkaniraqmi), Javier Corcuera zuzendariarena, dokumental onenaren kategorian izendaturikoen artean dago.
Iberoamerikako sari hauek, datorren apirilaren 5ean banatuko dira lehenengo aldiz Panamako Hirian.