"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo, otsailak 9, izan zen Espainiako Zinema Arteen eta Zientzien Akademiak ematen dituen Goya sarien 28. edizioaren ekitaldia, eta bertako garaile handienak Donostia Zinemaldian parte hartu zuten bi film izan dira: Vivir es fácil con los ojos cerrados eta Las Brujas de Zugarramurdi, lehiaketaz kanpo aurkezturikoa.
Vivir es fácil con los ojos cerrados lanak sei Goya irabazi zituen guztira: film onenarena, zuzendari onenarena (David Trueba), gizonezko protagonista onenarena (Javier Cámara), gidoi original onenarena (David Trueba), aktore hasiberri onenarena (Natalia de Molina) eta musika original onenarena (Pat Metheny).
Bestalde, lehiaketaz kanpo aurkezturiko Las Brujas de Zugarramurdi filmak zortzi Goya irabazi zituen: zuzendaritza artistikoa, jantzien diseinua, muntaketa, bigarren mailako emakumezko aktore onena (Terele Pávez), soinua, ekoizpen-zuzendaritza, efektu bereziak, eta makillajea eta ile-apainketa.
Marian Álvarez aktoreak irabazi zuen emakumezko aktore onenaren Goya, La Herida filmagatik, eta lan beraren zuzendariak, Fernando Francok, zuzendari berri onenaren estatuatxoa irabazi zuen. La Herida filmak epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen Donostia Zinemaldiaren azken edizioan, eta Marian Álvarezek, berriz, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra.
Azkenik, animaziozko film onenaren Goya Futbolín filmarentzat izan zen, eta Donostian argazkilaritza onenaren epaimahaiaren saria irabazi zuen Pau Esteve Birbak argazki onenaren Goya irabazi zuen, Caníbal filmean eginiko lanagatik.
Horretaz gain, Raúl de la Fuentek zuzenduriko eta Zinemira Kimuak sailean aurkezturiko Minerita lanak film labur dokumental onenaren Goya irabazi zuen. Eta gainera, Michael Hanekeren Amour filmak, Cannesen estreinatu ondoren 2012ko edizioko Perlak sailean ikusgai izan zena, Europako Film onenaren saria jaso zuen.