"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nazioarteko bi ordezkari berri sartuko dira Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioko taldean, aurten beren postuak utziko dituzte bi kide ordezteko: erretiroa hartuko duela iragarri duen Ginger Corbett, Erresuma Baturako ordezkaria, eta Federico Veiroj, Latinoamerikarako ordezkaria. Azken hori bere zinema-proiektuetan sartuko da, buru-belarri. Haien ordez Chris Paton eta Andrea Stavenhagen hasiko dira.
Chris Patonek, Erresuma Batuko ordezkari berriak, hogeita hamar urteko esperientzia du zinemaren munduan, publizista eta erosketa-agente gisa. TriStar Pictures etxean hasi zen lanean, New Yorken, eta, ondoren, DDA Public Relations etxean lan egin zuen, Los Angelesen eta Londresen. Horrez gain, Premier PR komunikazio-agentziaren kide sortzaile izan zen. Geroago, Fortissimo Films etxeko erosketa departamentuan sartu zen. Veneziako eta Hong Kongeko zinema-jaialdientzat lan egin du eta, gaur egun, Dubaiko nazioarteko zinema-jaialdiko aholkularia da. Horretaz gain, Rotterdamgo zinema-jaialdiko Cinemart koprodukzio-azokako Aholkularitza Batzordeko kide da.
|
Andrea Stavengahen, Latinoamerikarako ordezkari berria, Historian lizentziatu zen, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan. Zinematografiaren sustapenean eta hedapenean egin zituen lanbideko lehen urratsak, IMCINEren Film Laburren Ekoizpen Zuzendaritzan. Ondoren, Centro de Capacitación Cinematográfica delakoko Ikerketa eta Dibulgazioko zuzendariorde izan zen. Guadalajarako nazioarteko zinema-jaialdian, Encuentro Iberoamericano de Coproducción Cinematográfica topaketako buru izan zen. Zinema-jaialdi horretako Industriako zuzendari izan da 2013ko abuztura arte. Horretaz gain, Moreliako zinema-jaialdiaren baitan egiten den Latinoamerikako ekoizle gazteei zuzendutako Morelia Lab tailerreko zuzendarikide da.
|