"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak 62. edizioko irudi ofizial izango diren kartelak hautatzeko sareko hirugarren lehiaketa deitu du. Aurreko urteetako arrakastaren ondoren, Zinemaldiak berriz ere ekimen ireki honen alde apustua egitea erabaki du sorkuntza eta partaidetza sustatzeko asmoarekin, eta baita jaialdiaren hedapena bultzatzeko helburuarekin ere.
Lehiaketa, proposamenak aurkeztu nahi dituzten diseinatzaile guztiei irekita dago, eta herritarrek kartelik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Ostean, epaimahai batek irabazlea hautatuko du boto gehien lortzen duten lanen artean. Era berean, irabazle suertatzen diren lanen aldeko botoa ematen dutenen artean sariak zozketatuko dira.
Honako sail hauetan aurkeztu ahal izango dira 62. ediziorako kartelak: Ofiziala, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi, Perlak eta Culinary Zinema. Parte-hartzaileek sail bakarrera edo guztietara aurkezteko aukera izango dute, eta, gainera, nahi beste kartel aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara.
Aurreko urteetan bezala, jaialdiaren atari ofizialean gune espezifiko bat egongo da: www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa. Gune horrek partaidetza bultzatu eta lehiaketaren kudeaketa ahalbidetuko du, eta fase hauetako bakoitzaren garapena gertutik jarraitu ahal izango da.
Kartel irabazleak aukeratzeko, lehen hautaketa bat egingo da gehienez saileko 20 proposamenekin (www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa helbidean publikoaren boto gehien jaso dituzten sail bakoitzeko 10 proposamenekin, eta beste 10 arte, Zinemaldiak berak hautatutakoekin).
Zinemaldiak proposamenen originaltasunari erreparatuko dio bereziki, baita diseinuari, konposizioari eta sortzen duten begi-inpaktuari ere.
Kartel hauek izango dira 2014ko apirilaren 2an jakinaraziko diren lehiaketaren finalistak.
Epaimahai batek sail bakoitzeko irabazleak hautatuko ditu apirilaren 4an; irabazleen izenak maiatzaren 9an Donostia Zinemaldiak antolatuko duen prentsaurreko batean ezagutaraziko dira. Prentsaurreko horretan, saritutako lan guztiak aurkeztuko zaizkie komunikabideei.
Egun horretan bertan, informazio hori guztia Zinemaldiaren webgunean argitaratuko da, baita lehiaketaren orrian ere.
Lehiaketaren irabazleak edo irabazleek 3.000 euro garbi jasoko dituzte kartel ofizialaren kasuan eta 1.000 euro garbi gainontzeko beste sailen kasuan.
Sail bakoitzeko kartel irabazleari botoa eman dioten herritarren artean, sei sari banatuko dira (bat sail bakoitzeko). Sariok honakoak izango dira: 10 emanaldirako abonamendu bat eta Zinemaldiaren 62. edizioko argitalpen sorta bat.
Informazio gehiago eskuratzeko, lehiaketaren oinarriak honako helbidean daude eskuragarri oso-osorik: www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa
Kartelak lehiaketara aurkezteko zein kartel gustukoenen aldeko botoa emateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.