"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak Goya sarien 28. edizioko hautagaiak ezagutarazi zituen atzo. Otsailaren 9an banatuko dituzte sariak. Donostia Zinemaldiaren azken edizioan aurkeztutako filmetatik seik izendapen ugari jaso dituzte, eta urteko faboritoen artean sailkatuta daude jada.
Alex de la Iglesiak zuzenduriko Las brujas de Zugarramurdi filma Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu genuen, lehiaketatik kanpo; zehazki, Carmen Maurari Donostia saria emateko ekitaldian. Filmak Goya sarietarako hamar izendapen jaso ditu: bigarren mailako emakumezko aktorerik onena (Terele Pávez), musikarik onena, produkzioko zuzendaritzarik onena, muntaketarik onena, jantzien diseinurik onena, soinurik onena, argazki-zuzendaritzarik onena, zuzendaritza artistikorik onena, makillaje eta ile-apainketarik onena, eta efektu berezirik onenak.
Caníbal filmak, Torontoko Zinema Jaialdian estreinatu ostean, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean hartu zuen parte, eta Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria jaso zuen; Goya sariei dagokienez, zortzi izendapen jaso ditu: pelikularik onena, zuzendaririk onena (Manuel Martín Cuenca), gizonezko aktorerik onena (Antonio de la Torre), emakumezko aktore berririk onena (Olimpia Melinte), gidoi egokiturik onena, soinurik onena, argazkigintzako zuzendaritzarik onena eta zuzendaritza artistikorik onena.
La herida filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eta emakumezko aktorerik onenaren Urrezko Maskorra eskuratu zituen Donostia Zinemaldian; orain, Goya sarietarako sei izendapen jaso ditu: pelikularik onena, zuzendari hasiberririk onena (Fernando Franco), emakumezko aktorerik onena (Marian Álvarez), jatorrizko gidoirik onena, muntaketarik onena eta soinurik onena.
Sail ofizialean lehiatu zen hirugarren film espainiarra, Vivir es fácil con los ojos cerrados, zazpi saritarako izendatu dute: pelikularik onena, zuzendaririk onena (David Trueba), gizonezko aktorerik onena (Javier Cámara), emakumezko aktore berririk onena (Natalia de Molina), jatorrizko gidoirik onena, musikarik onena eta jantzien diseinurik onena.
Belodromoko pantailan aurkezturiko Zipi y Zape y el club de la canica filmak lau izendapen jaso ditu: gidoi egokiturik onena, produkzioko zuzendaritzarik onena, zuzendaritza artistikorik onena, eta efektu berezirik onenak. Bestalde, Zinemaldiaren 61. edizioa inauguratu zuen Futbolín koprodukzio hispano-argentinarra 2013ko animaziozko pelikularik onenaren Goya saria jasotzeko hautagai izendatu dute.
Zinemaldian programatutako beste hiru film pelikula iberoamerikar onenaren Goya sarirako lehiatuko dira: Sebastián Lelio zuzendariaren Gloria (Perlak sailean aurkeztu genuena eta 60. edizioan Zinema Eraikitzen ekimeneko Industria saria irabazi zuena), Diego Quemada-Díez zuzendariaren La jaula de oro eta Lucía Puenzo zuzendariaren El médico alemán – Wakolda. Horizontes Latinos sailean lehiatu ziren filmak, Cannesko Zinema Jaialdiko Un certain regard sailean aurkeztu ondoren.