"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemagile daniarra den Joachim Trier-ek publikoarekin partekatuko du bere lan egiteko modua, bere begirada eta filmografian egindako ibilbidea, funtsezko bihurtu diren tituluetatik abiatuta: Oslo, 31. august (Oslo, 31 de agosto) edo Verdens verste menneske (The Worst Person in the World / La peor persona del mundo). Trierrek Donostian aurkeztuko du bere azken filma, Affeksjonverdi / Sentimental Value (Valor sentimental), Canneseko Zinemaldian Gidoi Onenaren Saria irabazi ondoren. Proiekzioa Perlak sailean kokatzen da, denboraldiko nazioarteko zinemaren onena biltzen duen atalean.
Joachim Trierrek (Kopenhage, 1974) 2006an zuzendu zuen bere lehen film luzea, Reprise. Ondoren, Cannesen hautatuko ziren bi film zuzendu zituen: Oslo, 31. august (Un Certain Regard, 2011) eta Louder than Bombs (Lehia Ofiziala, 2015). Thelmak (2017) Epaimahaiaren Sari Berezia eta zuzendari onenaren saria eskuratu zituen Sitgesen. Verdens verste menneske (2021) izendatua izan zen jatorrizko gidoi onenaren eta nazioarteko film onenaren Oscar sarietarako, eta Europako film onenaren Goya saria irabazi zuen, Cannesen lehiatu ondoren, eta Cannesen emakumezko aktore onenaren saria beretu zuen Renate Reinsvek, protagonistak. Affeksjonsverdik Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso du aurten Cannesen.