"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak 73. edizioko lehenbiziko hiru egunetarako 32.425 sarrera saldu ditu salmenta lehen egunean 19:00ak arte. Salmenta %3a igo da iazko datu berarekin alderatuta.
Gehiago saldu diren saioak film hauetakoak izan dira: Los Tigres, Deux pianos / Two Pianos eta Couture Sail Ofizialean; Orwell: 2+2=5 eta Le Mage du Kremlin / The Wizard of Kremlin Perlak sailean; Nan Fang Shi Guang / Before the Bright Day eta Bad Apples New Directors sailean, eta Limpia eta Dolores Horizontes Latinos sailean.
Sarreren salmenta online zein Kursaaleko Zinemaldi plazako leihatiletan izan da. Gaur lehen hiru egunetako sarrerak (ostirala 19, larunbata 20 eta igandea 21) jarri dira salgai soilik. Bihar (astelehena 15) 9:00etatik aurrera hasiko da hilaren 22ko (astelehena), 23ko (asteartea) eta 24ko (asteazkena) sarreren salmenta, eta asteartean, 16an, hilaren 25eko (osteguna), 26ko (ostirala) eta 27ko (larunbata) txartelak.
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eskerrak eman dizkie herritarrei berriz ere salmentako lehen egunean emandako erantzunagatik. "Egunaren hasieran sistemak motel funtzionatu du, eskaera oso handia izan delako. Izan ere, soilik lehen ordu eta erdian 17.000 sarrera baino gehiago saldu dira, hau da, kopuru osoaren erdia baino gehiago", nabarmendu du Rebordinosek.