Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak iragarri egin ditu gaur Madrilen, ekoizpen espainiarrekoak izanik irailaren 19tik 27ra Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Made in Spain eta Belodromoa sailetan emango diren 22 lanak (17 film luze, 2 film ertain eta 3 serie).
Aurten, Sail Ofizialean, euren ibilbidea Donostian hasi zuten zenbait zinemagile bilduko dira, hala nola Alberto Rodríguez, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi; izan ere, Zinemaldiak hainbat filmetan lagun egin die zinemagileoi, Espainiako zinemari eskainitako babes irmoaren parte gisa. José Luis Guerin –Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuena En construcción lanarekin– ere itzuliko da.
Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) eta Aitor Arregi (Oñati, 1977) zinemagileek berriro izango dute Urrezko Maskorra irabazteko aukera Maspalomas filmarekin. Jose Ramon Soroiz aktoreak Vicenteren rola egiten du filmean, 77 urterekin Maspalomasen gustuko duen bizimodua daraman gizon batena, hain justu. Moriarti kolektiboaren –Jon Garañoren presentzia ere baduen zinemagile taldearen– beste obra batzuk Lucio (Zabaltegi, 2007) eta 80 egunean (Zinemira, 2010) dira. Sail Ofizialean Loreak (2014), Handia (2017) –Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria– eta La trinchera infinita (2019) –Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, Gidoi Onenaren saria, Irizar saria eta FIPRESCI saria– estreinatu dituzte. Azkenik, Marco (2024) filmak Pelark sailari amaiera eman zion, Veneziako Orizzonti sailean estreinatu eta gero.
En construcción (2001) filmari esker Donostian Epaimahaiaren Sari Berezia eta FIPRESCI saria irabazi eta ia 25 urtera, José Luis Guerin (Bartzelona, 1960) lehia ofizialera itzuliko da aurten, ez-fikziozko beste obra batekin: Historias del buen valle / Good Valley Stories, Vallbonan –migratzaile ugari dituen Bartzelonako auzoan– filmatua. Guerinek Berlingo zinema-jaialdian estreinatu zuen bere lehen film luzea, Los motivos de Berta (1984) –geroago Zinemaldiko Espainiako Zinearen Ikuspegia sailean programatua–, eta ondoren Innisfree (Zabaltegi, 1990) eta Tren de sombras (1997) –biak Cannesen aurkeztuak– zuzendu zituen. Halaber, En la ciudad de Sylvia (2007) obrarekin Venezian lehiatu zen, eta Guestekin (Zabaltegi-Bereziak, 2010) ere parte hartu zuen jaialdi berean (zehazki, Orizzonti sailean).
Alberto Rodríguezek (Sevilla, 1971) Rafael Cobosekin batera idatzitako Los Tigres aurkeztuko du; Antonio de la Torrek eta Bárbara Lenniek petrolio-sektorerako urpekari profesional gisa lan diharduten bi anai-arrebaren rola egiten dute. Anai-arreben bizitza aldatu egingo da Antoniok istripu bat izan eta urpekaritzan gehiago aritu ezingo duela esaten diotenean. Rodríguezek El factor Pilgrim (Santi Amodeorekin batera zuzendua, 2000) eta El traje (2002) erakutsi zituen New Directors sailean, eta zazpigarrenez hartuko du parte oraingoan Sail Ofizialean; izan ere, 7 vírgenes (2005) –Juan José Ballestari Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra eman ziona– eta La isla mínima (2014) –golardo bera eman ziona Javier Gutiérrezi, argazki onenaren sariaz eta 10 Goya sariez gainera– aurkeztu zituen. Eduard Fernándezek beste Zilarrezko Maskor bat lortu zuen El hombre de las mil caras (2016) filmarekin, eta horren ostean, Rodríguezek lehiaz kanpo inauguratu zuen Zinemaldia Modelo 77 (2022) pelikularekin. Zinemagilea izan zen, bestalde, Sail Ofizialean serie bat estreinatu zuen lehena La pesterekin (2017), eta Apagón (2022) serieko zuzendarietako bat ere izan zen.
Agustín Díaz Yanes (Madril, 1950) Sail Ofizialean izango da berriz, oraingoan lehiaz kanpo, Un fantasma en la batalla / She Walks in Darkness film luzearekin; ETAren aurkako ezkutuko eragiketa handienean inspiratuta dago egilearen lan berria, eta hamarkada batetik gora erakunde terroristan ezkutuko agente gisa aritutako guardia zibil gazte baten istorioa kontatzen digu. Susana Abaitua da protagonista nagusia, eta Andrés Gertrudix, Iraia Elias, Raúl Arévalo eta Ariadna Gil antzezleek osatzen dute zerrenda. Díaz Yanesek Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Nadie hablará de nosotras cuando hayamos muerto (1995) bere lehen lanarekin, eta Victoria Abrilek emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra beretu zuen film horretan egindako lanagatik. Zuzendariaren beste lan batzuk Sin noticias de Dios (Made in Spain, 2001), Alatriste (2006), Sólo quiero caminar (2008) eta Oro (2017) dira.
Alberto Rodríguezek bi aldiz hartuko du parte edizio honetan , eta lehiaz kanpo aurkeztuko du Anatomía de un instante / The Anatomy of a Moment, Javier Cercasen izen bereko liburuan –1981eko otsailaren 23an Espainiak jasandako estatu-kolpearen saiakerari buruzkoan– oinarritutako hiru ataleko minisaila. Hauek dira minisaileko antzezleak: Álvaro Morte, Adolfo Suárez presidentearen rolean; Eduard Fernández, Santiago Carrillo burukide komunistarena egiten; Manolo Solo, Gutiérrez Mellado militar eta politikaria antzezten; eta David Lorente, Antonio Tejero teniente koronel kolpistaren rolean.
Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak atalean lau lan emango dira lehiaz kanpo: fikziozko film luze bat, ez-fikziozko beste film luze bat eta bi serie.
Zeru ahoak / Sky Mouths lau ataleko seriean, Koldo Almandozek (Donostia, 1973) Hondar ahoak (2020) laneko pertsonaiak berreskuratu ditu, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga eta Sara Cozar protagonista dituen thriller berri bat sortzeko. Almandozen bigarren film luzeak –Oreina (New Directors, 2018) izenekoak– Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen, baina horren aurretik, bere film labur ugariek Zabaltegi-Tabakalera, Zinemira-Kimuak eta Belodromoa sailetan (besteak beste) parte hartu zuten; zinemagilearen lehen film luzea Sipo phantasma (2016) izan zen, Rotterdamen egon ondoren, Zabaltegi-Tabakaleran hautatua izandako obra.
Karmele drama historikoa –Asier Altunak (Bergara, 1969) zuzendua eta 2019ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan sartua–, Elkarrekin esnatzeko ordua Kirmen Uriberen eleberriaren egokitzapena da, Jone Laspiur, Eneko Sagardoy, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran aktoreak izanik protagonistak. Altunak Aupa Etxebeste! (New Directors, 2005; Gazteriaren saria) zuzendu zuen Telmo Esnalekin batera, baita Kalebegiak (Belodromoa, 2016) film kolektiboaren atal bat eta Agur Etxebeste! (Euskal Zinemaren Gala, 2019) ere. Bakarka, bi film luzerekin parte hartu du Sail Ofizialean: Bertsolari (2011; lehiaz kanpo emana) eta Amama (2015; Irizar sariaren irabazlea). Gure oroitzapenak (Zinemira, 2018) film luze kolektiboaren atal bat ere zuzendu zuen, eta Donostian estreinatu zituen, orobat, ARZAK since 1897 (Culinary Zinema, 2020) eta Hondalea (Euskal Zinemaren Gala, 2021).
Flores para Antonio Isaki Lacuestak (Girona, 1975) eta Elena Molinak (Madril, 1986) zuzendutako ez-fikziozko filma da, Antonio Flores musikariaren bizitza eta ondarea aztertzen duena, artxiboko material ugarien, Alba Flores alabaren, Lolita eta Rosario arreben eta hainbat artistaren testigantzen bidez. Urrezko Maskorra bitan irabazi duen zinemagile eskasetako bat da Lacuesta –Los pasos dobles (2011) eta Entre dos aguas (2018) lanekin–, eta Sail Ofizialean ere parte hartu du Los condenados filmarekin (FIPRESCI saria, 2009), baita lehiaz kanpo ere Murieron por encima de sus posibilidades (2014) filmarekin eta Apagón (2022) serieko atal batekin. Berlinen lehiatu ondoren, Un año, una noche (2022) Perlak sailean programatua izan zen; Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, La noche que no acaba (2010) eta El cuaderno de barro (2011) lanak erakutsi zituen egileak; eta Made in Spain sailean eman zen, azkenik, Segundo premio (2024), Pol Rodríguezekin batera zuzendua eta Málagako Urrezko Biznagaren eta zuzendari onenaren eta muntaketa onenaren Zilarrezko Biznagen irabazlea. Molina, bestalde, Rêve de Mousse (2018) eta Remember my name (2023) ez-fikziozko lanen egilea da; azken horrek Publikoaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen Málagan.
Oscar Jaenada eta Ricardo Gómez dira La suerte / Fate filmeko protagonistak; Paco Plazak (Valentzia, 1973) eta Pablo Guerrerok (Lorca, 1975) zuzendutako sei ataleko serie honetan, taxi-gidari bat toreatzaile baten eta haren koadrilaren txofer bihurtuko da bat-batean. Besteak beste, Carlos Bernardino, Óscar Higares, Pedro Bachura, Jason Fernández, Óscar Reyes, Almudena Amor, Almudena Cid, Diana Peñalver, Aria Bedmar eta Manuel Morón aktoreek ere parte hartu dute La suerte / Fate seriean. Plaza Sail Ofizialean lehiatu zen La abuela (2021) lanarekin, Made in Spain sailean [REC] (2008), [REC] 2 (2010) –Jaume Balaguerórekin batera zuzenduak biak– eta Verónica (2017) aurkeztu eta gero. Iaz bere Mugaritz. Sin pan ni postre (2024) filmak Culinary Zinema saria irabazi zuen.
Irati Gorostidi Agirretxek (Eguesibar, 1988) bere lehen film luzea estreinatuko du, Aro berria; proiektu-fasean zegoela, Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen egilearen obrak, baita beste egonaldi garrantzitsu batzuetan ere –hala nola Locarno Residency eta FidLab delakoetan–; 70eko hamarkadako langile-borrokaren eta Euskal Herrian garai hartan sortutako esperientzia komunitarioen begirada bat planteatzen digu egileak. Gorostidiren zenbait lan Zinemaldian erakutsi dira, hala nola Unicornio (Zinemira Kimuak, 2021) eta Contadores (Zabaltegi-Tabakalera, 2023); azken hau Kimuak katalogoaren parte izan zen, Cannesko Semaine de la critique astean estreinatu ondoren.
La lucha / Dance of the Living José Alayón (Tenerife, 1980) argazki-zuzendari eta ekoizleak zuzendari gisa egindako bigarren film luzea da; Slimane (2013) izan zen lehena. Fuerteventura uhartean filmatutako film berri horren bi protagonistak aita-alabak dira eta biek ere kanariar borroka egiten dute; gizonaren emazte eta neskatoaren ama hil ondoren elkarrekin duten harremana kontatzen digu egileak.
2020ko Ikusmira Berriak sariaren irabazle La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo da Diego Céspedes (Santiago, 1995) egilearen lehen film luzea; Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) ikasle ohi Céspedesen lanak Cannesko Un certain regard saria beretu zuen. Western moderno honetan, neskato bat mendeku bila dabil, bere familiari gizonen arteko maitasunari lotutako gaixotasun bitxi baten errua leporatu baitiote. Txileko zinemagileak Nest saria irabazi zuen El verano del león eléctrico (2018) bere lehen film laburrarekin; bigarrena Las criaturas que se derriten bajo el sol (2022) izan zen, eta Cannesko Semaine de la critique atalean parte hartu zuen egileak harekin (geroago, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuen).
Iván Fund argentinarrak (San Cristóbal, 1984) El mensaje / The Message erakutsiko du, 2023ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan eta 2024ko WIP Latam sailean hautatutako lana, Berlingo zinema-jaialdiko Zilarrezko Hartza epaimahaiaren sariaren irabazlea. Piedra noche (Horizontes Latinos, 2021; Veneziako Giornate degli Autori atalean estreinatua 2020ko WIP Latam Industria Saria irabazi ondoren) zuzendu zuen egilearen lan berria road movie emozional bat da, non bederatzi urteko neskato batek eta haren gurasoek maskoten medium gisa baitiraute bizirik.
Schwesterherz / The Good Sister –Sarah Miro Fischerren (Stuttgart, 1993) lehen film luzeak neska gazte baten istorioa kontatzen digu: protagonistaren anaiari bortxaketa leporatu diote. Filmak WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria irabazi zituen iaz, Blaue Flecken / Blue Marks behin-behineko izenburupean, eta Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean estreinatu zen.
Marta Medina (Valladolid, 1986) gidoigile eta kazetariak eta Enrique López Lavigne (Madril, 1967) ekoizleak El último arrebato / The Last Rapture filmarekin egin zuten debuta zuzendaritzan, Iván Zuluetaren –Arrebato (1980) zinema espainiarraren kultuzko filmaren egilearen– bizitza eta obra ardatz dituen ez-fikziozko lana. Bestalde, Medinak idatzi zuen Asedioren (Miguel Ángel Vivas, 2023) gidoia, eta López Lavignek, berriz, 30 urtetik gora darama J. A. Bayona, Julio Medem, Isabel Coixet, Juan Carlos Fresnadillo, Nacho Vigalondo, Paco Plaza, Jacques Audiard, Javier Ambrossi eta Javier Calvo zinemagileek (besteak beste) zuzendutako filmen ekoizle gisa.
Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatuko da Sergio Oksmanen (São Paulo, 1970) Una película de miedo / A Scary Movie lan berria, dokumental-zuzendari batek eta haren hamabi urteko semeak Lisboako hotel abandonatu batean ostatu hartzen dutenekoa. Goodbye, America (2006), O futebol (2015) –Locarnoko lehiaketan estreinatua–, A Story for the Modlins (2012) –film labur dokumental onenaren Goya sariaren irabazlea– eta beste lan batzuen egileak Zinemaldian parte hartu zuen 4+1: Brasilgo Zinema Garaikidea zikloan emandako A esteticista (2012) lanarekin.
Lur Olaizola Lizarraldek (Donostia, 1988) lehiaz kanpo hartuko du parte sailean Bariazioak / Variations film laburrarekin; bizitzari, doluari eta horien aldakuntzei buruzko hausnarketa, hain zuzen. Euskal zinemagileak Xulia (2019), Zerua blu (2020) eta Hirugarren koadernoa film laburrak zuzendu ditu; Cinéma du Réel lehiaketan lehiatu zen Hirugarren koadernoa, Kimuaken eta Zabaltegi-Tabakaleran parte hartzez gainera.
Guillermo Galoek (Madril, 1986) Cannesko Semaine de la critique ataleko Prix SACD saria irabazi zuen Ciudad sin sueño / Sleepless City bere lehen film luzearekin, Madrilgo Cañada Real auzoan filmatua antzezle ez-profesionalekin. Agertoki berean eta pertsonaia berberekin filmatu zuen Galoek Aunque es de noche (2023), Cannesko film laburren hautaketa ofizialean parte hartu zuena eta, geroago, Zabaltegi-Tabakaleran programatu zutena.
Fernando Colomoren film luze bat eta Mabel Lozanoren film labur bat, Made in Spain sailaren inaugurazioa
Fernando Colomoren (Madril, 1946) Las delicias del jardín film luzeaz eta Mabel Lozanoren (Toledo, 1967) Abril, hoy no es invierno film laburraz osatutako saio batekin inauguratuko da Made in Spain saila.
Fernando Colomoren (Madril, 1946) Las delicias del jardín / The Delights of the Garden (Colomok berak ere parte hartzen du aktore gisa) pelikularen aktore-zerrendan Pablo Colomo, Carmen Machi, Antonio Resines, Brays Efe eta María Hervás daude. Film honetan, zinemagileak La línea del cielo (Sail Ofiziala, 1983) eta Isla bonita (Zabaltegi, 2015) filmetan baliatutako ukitu autobiografiko eta umoretsua berreskuratu du. Egileak Sortzaile Berriak sailean parte hartu zuen bere lehen lan Tigres de papelekin (1977), eta Zinemaldiko hainbat ataletan erakutsi izan ditu bere obrak, hala nola La mano negra (Sail Ofiziala, 1980) eta El efecto mariposa (Made in Spain, 1996).
Abril, hoy no es invierno / Abril, It's Not Winter Today film laburraren hasieran garun-paralisia duten pertsonei laguntzen diharduen elkarte bateko abokatu batek SOS mezu bat jasoko du bere telefonoan. Mabel Lozano (Toledo, 1967) zuzendari eta ekoizlearen lan berria da. Lozanoren filmek giza eskubideekin eta emakumearen eskubideekin lotutako gaiak jorratzen dituzte. Chicas nuevas 24 horas (2015) filmarekin dokumental onenaren Goya sarirako izendatu zuten egilea, eta Biografía del cadáver de una mujer (2020) eta Ava (2023) lanekin film labur dokumental onenaren Goya sari bana beretu zuen. Lola, Lolita, Lolazak (2024) –animaziozko bere lehen film laburrak– Loterías Film Laburrak sailaren lehen edizioan parte hartu zuen.
Belodromoan programatutako lanen artean Rondallas / Band Together dugu, Daniel Sánchez Arévaloren (Madril, 1970) lan berria; Sail Ofizialean parte hartu zuen, lehiaz kanpo, Diecisiete (2019) lanarekin, eta Azuloscurocasinegro (2006) eta Primos (2011) obrak erakutsi zituen, bestalde, Made in Spain sailean. Javier Gutiérrez, María Vázquez, Judith Fernández eta Tamar Novas dira errondaila –musika-talde tradizionala– berreskuratzea erabakiko duen Galiziako udalerri bati buruzko film luze honen protagonistak.
Belodromoko pantaila erraldoian emango da, halaber, Hasta que me quede sin voz ez-fikzioa, Leiva musikariaren bizi-unea, haren zurrunbiloa eta ahots-kordetako batean gertatutako lesio atzeraezin baten ondorioz bizi duen egoera delikatua lehen pertsonan islatzen dituen filma. Hiru egileren lan kolektiboa da filma: lehenik, Mario Forniés dugu (Madril, 1976), proiektu ugari ekoitzi dituena, besteak beste, kantautore madrildarraren bideoklipak; bigarrenik, Lucas Nolla (Madril, 1978), hainbat filmetan muntatzaile-lanak egin dituena; eta, hirugarrenik, Sepia (Ushuaia, 1980), argazkilaria eta musika-bideoen zuzendaria.
Lan horietaz guztiez gainera, ekoizpen espainiarreko beste obra batzuk ere emango dira Zinemaldian, eta sailen programazioak argitaratu ahala iragarriko dira.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako
Landa- eta hiri-munduaren arteko hiri inguruko auzo batean, elkarrekin bizi dira gerraostearen ondoren heldutako lehen migranteen etxeak eta lo-hiriaren bloke berriak, migrazio berria biltzen dutenak, txoko xume hau benetako herrixka global bihurtuz. Historias del buen valle imaginarioen eta gizartearen belaunaldi- eta nortasun-gatazken, hirigintza- eta ekologia-gatazken batura da. Baina gaur egungo munduaren ikuspegi patxadatsu eta humanista ere bada.
Antonio eta Estrella neba-arrebak dira. Haien aita urpekaria zen. Bizitza osoa daramate itsasoan. Antonio el Tigre da, urpekari garaiezina, segundo gutxien buruan bizia jokoan jartzen duzunean eta hori egunero egiten duzunean hor behean denek nahi duten kidea. Estrellak nebari laguntzen dio lan egiten duten gabarran. Berak mantentzen du lurrari lotuta. Uretatik kanpo, Antonio desastre hutsa da. Beti orainaldian pentsatzen bizi izan da, inoiz ez etorkizunean, eta bere egoera ekonomikoa korapilatsua da. Antoniok istripua izan du, eta esan diote bere urpean igari egiteko egunak laster amaituko direla. Etorkizuna ilun eta korapilatsu datorkie. Alabaina, baliteke goera hori aldatzea petroleo-ontzi baten kroskoan ezkutatuta kontrabandoko kokaina topatuko baitute. Antoniok ez du beste aukerarik ikusten, arreba Estrellak ez du argi ikusten. Beti bezala.
Bikotearekin hautsi ondoren, Vicente (76) gustuko duen bizimodua egiten hasten da Maspalomasen: eguzkia, parranda eta gozamena dira bere eguneroko jardunak. Baina istripu batek Donostiara itzultzera behartuko du eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin (Nagore Aranburu) elkartu beharko da. Vicentek zahar-etxe batean bizi beharko du eta bertan armairura itzultzera bultzatua sentituko da, konpondutzat zuen bere buruaren alde bat ezkutatuz. Egoera berri horretan, galdera bat nagusituko da: izango al du Vicentek aukera besteekin —eta bere buruarekin— bakeak egiteko?
SAIL OFIZIALA - Lehiaketatik kanpo
Tejero Kongresuan sartu zenean pistola eskuan zuela, hiru gizon baino ez ziren geratu eserlekuetan eserita, gainerakoak makurtu egin baitziren, babesteko asmoz: Adolfo Suárez, Santiago Carrillo eta Gutiérrez Mellado. Demokraziarako bidea zuzendu zuten hiru gizon horien eta estatu-kolpearen hiru buru nagusien (Tejero, Milans eta Armada) bitartez, Espainia ia-ia aurreko erregimen militarrera itzultzera eraman zuten jazoera eta tentsioen katea kontatzen digu serieak.
Un fantasma en la batalla ETAren aurkako ezkutuko operazio handienean dago inspiratuta, Espainian terrorismoaren aurkako borrokaren mugarri izan zena. 90eko eta 2000ko hamarkadetako testuinguru historiko, politiko eta sozialean oinarritua, filmak Amaia (Susana Abaitua) guardia zibil gaztearen istorioa kontatzen digu. Amaiak hamarkada batetik gora eman du talde terroristaren barnean ezkutuko agente gisa lanean, taldeak Frantzia hegoaldean ezkutatuta zituen zuloak lokalizatzen.
SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak
Emakume batek bilaketa bati ekingo dio: nor izan zen benetan bere aita, musikari mitikoa, alabak 8 urte zituela hil zena? Aita Antonio Flores da; alaba, berriz, Alba Flores aktorea, berau ere ospetsua. Albak abesteari utzi zion Antonio galdu zuenean; alabaina, orain bere ahotsa eta istorioa berreskuratu nahi ditu, senide eta lagunei galdetuz lehendabizikoz.
Euskadi 1937. Karmele eta haren familia Frantzian erbesteratzen dira, gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Han, Karmelek erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jasotzen du, dantza- eta musika-ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko. Bertan, Txomin ezagutzen du, tronpeta-jole profesional bat, eta harekin maitemintzen da. Denboraldi batean Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera bueltatzen da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin.
La suerte seriean, taxi-gidari lotsati eta oposiziogile gazte bat, David (Ricardo Gómez), Maisuaren (Óscar Jaenada) txofer bihurtuko da ustekabean; izan ere, Maisua –zezen-hiltzaile ospetsua– erretirotik atera da, galdutako ospea berreskuratzeko asmoz. Maisua gain behera doa, baina Davidek eta gaztearen taxiak zortea dakarkiote, edo hori uste du gizonak, behintzat.
Nerea Garcia bolada txarra pasatzen ari da eta ez da bere Bilboko etxetik apenas ateratzen. Lau urte igaro dira Ertzaintzatik kanporatu zutenetik. Erritualen batean hildako emakume baten gorpua agertzen denean, bere nagusi ohiak ikerketarekin laguntzeko eskatu dio. Nereak susmatzen ez duena da, iraganeko eta orainaldiko mamuek hiriko estoldetara jaistera behartuko dutela, non ezer eta inor ez diren diruditenak.
NEW DIRECTORS
Donostia, 1978. Ur kontagailuen lantegiko langileek batzarra egin dute, azkenean aurrera egingo ez duen greba eztabaidatzeko. Etsipenak jota, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratzen dute eraldaketa erradikalerako nahia. Batzuek lantegia utzi eta mendietan isolatutako komunitate batean murgiltzen dira. Bertan, dozenaka gaztek bilaketa sutsu bati ekiten diote partekatutako esperientzia katartikoen bitartez.
Fuerteventura uharte idorrean, Miguel eta Mariana aita-alabak aurrera jarraitzen saiatzen ari dira Miguelen emaztea hil eta familia noraezean geratu ondoren. Kanariar borroka da haien babesleku, munduan haien lekua topatzeko modua. Baina Miguelen gorputza huts egiten hasten denean, amorruak arauak desafiatzera bultzatuko du Mariana. Txapelketako finala gertu dutela, aita-alabek elkar berriz topatzeko bidea aurkitu beharko dute berandu izan baino lehen.
HORIZONTES LATINOS
Krisi ekonomiko betean, animaliekin komunikatzeko dohaina duen neskato batek eta haren tutore oportunistek maskoten medium gisako kontsultei esker diraute bizirik, Argentinako hautsez betetako bideetatik autokarabana txiki batean bidaiatzen duten bitartean. Naturaz gaindiko negozio bat, non transzendentalak txanponak balio dituen eta oportunismoak egia ukitzen duen. Magia ala iruzurra ote den alde batera utzita, zerbitzua benetakoa da, eta inozentzia, berriz, altxorra.
80ko hamarkadaren hasieran, Txileko basamortuan, hamaika urteko Lidia meatze-herri desatsegin eta hautseztatu baten ertzera bultzaturiko familia queer maitagarri batean bizi da. Zabaltzen ari den gaixotasun misteriotsu baten errua egozten zaie, begirada bakar baten bidez transmititzen omen dena, gizon bat beste gizon batekin maitemintzen denean. Western moderno honetan, Lidia mendeku bila dabil, biolentziari, beldurrari eta gorrotoari aurre eginez, eta familia du babesleku bakarra borroka horretan, non maitasuna den benetako arriskua, beharbada.
ZABALTEGI-TABAKALERA
Aliciaren koadernaketa-ikasleak dira Maite, Unai eta Merche. Tailer berean orriak moztu, josi eta itsatsi egiten dituzte, liburuen bizitza luzatzeko. Bakoitzak bere liburuan lan egiten duen bitartean, bizitzaz, doluaz eta horien aldakuntzez solasean aritzen dira.
Arrebato (1980) zinema espainiarraren kultuzko film handia da gaur egun, eta Iván Zulueta, haren zuzendaria, zinemagile madarikatua. Arrebato izan zen movida delakoaren amaiera aurreratu zuen filma, pelikula ilun eta gordina, estuki lotutako historia eta barne-historia izanik. Arrebatok zinemagilearen beraren bizitzaren aieru gisa balio du. Bere filmetako protagonistek bezala, drogek eta zinemak liluratuta amaituko zuen Zuluetak, desagertzeraino.
Rosek lotura estua du bere anaia nagusi maite Samekin. Emakume batek Sami bortxaketa leporatzen dionean, Roseri anaiaren kontrako ikerketa batean lekukotza emateko eskatuko zaio. Bere osotasun moralaz gainera, kolokan ipiniko du horrek anaiarekiko harremana.
Udako oporretan, dokumental-zuzendari batek eta hamabi urteko haren semeak Lisboako hotel abandonatu batean hartuko dute ostatu, The Shining filmekoa bezalako hotel huts batean, hain zuzen.
PERLAK
Tonik 15 urte ditu eta Cañada Realen, Europako establimendu irregular handienean, bizi da, Madril hiriaren kanpoaldean. Txatar-biltzaileen familia batekoa izateaz harro, egunak miresten duen eta edonora jarraitzen duen aitonaren ondoan ematen ditu egunak. Baina eraispen-makinak bere lursailera hurbilduz doaz eta ezagutzen duten guztia suntsitzeko mehatxatzen ari dira. Aitonak ez du inolaz ere handik alde egin nahi, sakrifizioa edozein izanik ere. Elektrizitaterik gabeko gau ilunetan, bere haurtzaroko elezaharrek inoiz baino errealagoak dirudite. Bere inguruan dena eraldatzen ari den bitartean, Tonik erabaki egin behar du: etorkizun zalantzagarri bati aurre egingo ote dio ala, aitzitik, desagertzen ari den mundu bati eutsi?
MADE IN SPAIN
Ángeles Blanco abokatua da garun-paralisia duten pertsonei laguntzen diharduen elkarte batean. Egun batean mezu bat jasotzen du telefonoan: SOS bat. Besterik ez. Ángelesek berehala erantzuten du. Datu gehiago eskatuko ditu, baina ez du erantzunik jasoko. Zenbait egun seinalerik eman gabe igaro ondoren, beste mezu bat jasoko du: SOS bat negar-emoji batekin. Ángelesek badaki norbaitek bere premia duela telefonoaren beste aldean, eta lagundu nahi badio, pertsona horrekin harremanetan jartzeko modua topatu beharko du.
Fermínen ibilbidea gainbeheran dago, eta dardarka hasi zaio eskua, gainera, margolari beteranoari. Lur jotzear, Javier de Juan adiskidearekin bizitzera joan behar du, garaje zahar batean dagoen estudio batera; gainera, bere seme Pablo margolaria ere hara iritsiko da, Indiarako bidaia luze batetik bueltan, aitarekin bizitzeko asmoz. Artearen eta bizitzaren inguruan dituzten begirada kontrajarriak direla-eta, berehala hasiko dira aita-semeak elkarri aurre egiten. Pepak –Pabloren ama eta Fermínen bikote ohiak– proposamen bat egingo die: arazo ekonomikoetatik libre utziko dituen El Boscoren El jardín de las delicias lanaren bertsioa egiteko lehiaketa batera aurkeztea.
BELODROMOA
Horrek dakartzan amildegiekin, Leivak zuzenean kontatzen digu bizi-frenetismozko bere espiralaren deskribapen gordin eta artifiziorik gabea, eta bere ibilbidearen gailurrean dagoela, ezohiko sarbidea ematen dio bere bizitzari. Ahots-kordetako batean arazo konponezina du Leivak, eta etengabe desafio egiten die horrek musikariaren orainari eta etorkizunari, nahiz eta ez duen ikusten jarraitu beste aukerarik. Ahotsik gabe geratu arte.
Marinel-herri txiki bat astindu zuen arrantza-ontzi baten hondoratze tragikoa jazo eta bi urtera, errondailako kideek berriz elkartzea erabaki dute, ilusioa berreskuratzeko eta dolua gainditzeko asmoz.