Ekainaren 17an, Esther García ekoizlea eta Alberto Iglesias konpositorea solasean ariko dira Donostian, Pedro Almodóvarrek El Deseo ekoiztetxearen bidez zuzendutako proiektu ugaritan izan duten parte-hartze luze eta emankorrari buruz. Topaketa horrekin amaituko da Zinemagileen arteko elkarrizketak zikloaren laugarren denboraldia; alabaina, horren aurretik –datorren ostegunean–, Pedro Martín-Calero zinemagilearen eta José Tirado arte-zuzendariaren arteko topaketa egingo da, eta maiatzaren 29an, berriz, euren lehen lanak zuzendu berri dituzten Marta Nieto eta Antón Álvarez (C. Tangana) elkartu egingo dira.
Zinemagileen arteko elkarrizketak Koldo Mitxelena Kulturunea (KMK) foru-zerbitzuak Donostia Zinemaldiaren Z365 urte osoko Zinemaldia arloarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera antolatzen duen zikloa da. Zinemagilearen begirada berezia deszentralizatzea eta proiektu baten garapena osatzen duten lanbideak ezagutaraztea denez proposamenaren filosofia, ekimena zinemagilearen eta kolaboratzailearen arteko elkarrizketa gisa planteatzen da. Horrela, aurtengo urtarrilaz geroztik, Zinemagileen arteko elkarrizketak ekimenean hauen arteko elkarrizketak egin dira: Maria Elorza eta Marian Fernández; Helena Taberna eta Isaac Rosa; Paula Ortiz eta Javier García Arredondo; Celia Rico eta María Vázquez; eta Javier Giner eta Oriol Pla.
Hurrengo hitzorduan –datorren ostegunean, hilaren 15ean– Pedro Martín-Calero zuzendaria eta José Tirado arte-zuzendaria elkartu eta El llanto / The Wailingen –iaz zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo irabazi zuen obran– elkarrekin egindako lanari buruz mintzatuko dira. Tiradok, bestalde, esperientzia du hainbat film itzaltsutan, hala nola hauetan: As bestas / The Beasts (Rodrigo Sorogoyen, Perlak, 2022), Donostia Hiria Publikoaren Saria Europako film onenari; eta Teresa (Paula Ortiz, 2023).
Zinemagile hasiberriak eta beste diziplina batzuk saioan, maiatzaren 29an, Marta Nieto aktoreak –Seminicin estreinatutako La mitad de Ana (2024) filmarekin zuzendari gisa debutatu duenak–, Antón Álvarezekin (C. Tangana) hitz egingo du; musikariak Kutxabank-New Directors epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen La guitarra flamenca de Yerai Cortés bere lehen lanarekin zuzendari gisa.
Zikloaren azken saioak –zortzigarrenak– Esther García eta Alberto Iglesias elkartuko ditu, Pedro Almodóvarrek zuzendutako dozena bat filmetan kointziditu dutenak, hala nola Todo sobre mi madre (1999), Hable con ella (2002), Dolor y gloria (2019) eta La habitación de al lado / The Room Next Door lanetan. Azken hori Donostia Sariaren –Amodóvarri emandakoaren– emanaldi berezia izan zen, eta filmaren musikagatik, Iglesiasek bere hamabigarren Goya saria beretu zuen. Esther Garcíak –2018ko Espainiako Zinematografia Sariak–, ehun bat film ekoitzi ditu eta Matador filmaz geroztik (1986) Almodóvarren proiektu guztietan parte hartu du.
Zikloko azken elkarrizketetara joateko inskripzioa itxita dago jada, baina oraindik sarrera gutxi batzuk badaude eta iritsieraren hurrenkeraren arabera banatuko dira. Saioak KMKn egingo dira, hark Santa Teresa komentuan duen egoitzan, Donostiako Alde Zaharrean, 19:00etan, ekitaldi-aretoan. Saioak ez dira streaming bidez ematen, baina denboraldiaren amaieran Koldo Mitxelenaren webgunean eta Donostia Zinemaldiaren webgunean egongo dira eskuragarri horien grabaziak.