"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemira sailerako aurten aukeratutako zazpi filmak 59. Donostia Zinemaldian ikusi ahal izango dira. Zinemira Euskal Herrian ekoitzitako zinemari eskainitako atala da. "ESTREINALDIAK" atalaren barruan, hiru ekoizpen berri aurkeztuko dituzte, eta “PANORAMA” atalaren barruan, berriz, aurten ekoitzitako lau film nabarmen emango dituzte.
SERBITZU ZINEMIRA SARIA
Argitaratu gabeko hiru filmok Serbitzu Zinemira saria  irabazteko lehiatuko dira; sari horren helburua euskal kultura eta  industria zinematografikoa garatzen laguntzea da. Orotara, 20.000 euro  gordin irabaziko ditu filma ekoitzi duenak. Sari honek Serbitzu  Elkartearen babesa du.
ZINEMIRA SARIA
Euskal Zinemaren Gala Victoria Eugenia antzokian izango da, irailaren 21ean. Bertan, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun film laburra emango dute, eta Imanol Rayok zuzendutako Bi anai film luzea estreinatuko dute. Galan, Elías Querejeta ekoizleak Zinemira saria jasoko du; hau da, euskal zinemagintzako pertsona ospetsu baten ibilbidea saritzeko ematen den saria.
KIMUAK
Zinemira  sailaren barruan, era berean, 2011ko Kimuak katalogoko film laburren  aukeraketa ere izango da. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren  eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, eta helburua urteko film  labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak aukeraketaren barruan, bederatzi  film labur bildu dituzte.
EUSKADIKO FILMATEGIAREN ZAHARBERRITZE-LANAK
Bestalde, Donostia Zinemaldiak  Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan jardungo du Euskal Herriko ondare  zinematografikoko obra zaharberrituak emateko. Aurten Gotzon Elortza  zinemagile bizkaitarraren hiru film labur dokumental aurkeztuko  dituzte; hain zuzen, erabat euskaraz sortutako eta filmatutako  historiako lehendabiziko pelikulak.
Zinemira Donostia Zinemaldiak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren, EiTBren, EPEren eta Ibaiaren lankidetzarekin. Halaber, Serbitzu Elkartea da babeslea.
Berriak



