"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Inés, konpainia multinazional bateko langileen artean infiltratutako detektibea, lan-azpijoko baten muinera heldu da. Baina bere ikerketak erabaki sentimental eta etiko korapilatsu batekin aurrez aurre ipiniko du. Evak, amatasun-baja baten ondoren lanean hasi berri denak, ahal bezala uztartzen ditu lana eta familiako bizitza, Iñaki bere bikoteak harremanaren etorkizunerako funtsezkoa izan litekeen zerbait ezkutatu diola jakin duenean. Carmenek, hiruretan eskarmentu handiena duenak, Sergioren bikote-hondoratzea ikusi eta grabatzen du, bere ezkon-bizitza ere usteltzen ari dela jabetu gabe. Lanean diharduten Valbuenako agentziatik zaintzaren hiru profesionalok maiz gainditzen dituzte besteen intimitatearen mugak, haatik, inork ez ditu trebatu euren sekretu propioei aurre egiteko.


