Albert Serrak zuzenduriko Tardes de soledad (Espainia, Frantzia eta Portugal) lortu du Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Urrezko Maskorra. Epaimahai Ofizialak ex aequo eman die Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra bi hasiberriri: Laura Carreira eta Pedro Martín Calero, On Falling (Erresuma Batua eta Portugal) eta El llanto / The Wailing (Espainia, Argentina eta Frantzia) lanengatik, hurrenez hurren.
Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra Patricia López Arnaizek eskuratu du, Los destellos / Glimmers (Espainia) filmean eginiko lanagatik (Pilar Palomeroren hirugarren lana). Taldeko Interpretazio Onenaren saria, berriz, Pierre Lottinek irabazi du, François Ozon zinemagilearen Quand vient l'automne / When Fall Is Coming (Frantzia) filmeko antzezle-taldeko kide gisa. Zuzendari horrek eta Philippe Piazzok Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu dute ―Ozonek sari hori bera irabazi zuen Urrezko Maskorrarekin batera Dans la maison (2012) filmarekin―, eta argazki onenarena, berriz, Piao Songrik irabazi du, Bound in Heaven (Txina) lanagatik (Huo Xin egilearen lehenbiziko obra).
Horretaz gainera, Epaimahaiaren Sari Berezia Gia Coppolak zuzendutako The Last Showgirl (AEB) filmak irabazi du, antzezle-taldearen lana aintzatesteko; horien artean daude Pamela Anderson, Kiernan Shipka, Brenda Song, Billie Lourd, Dave Bautista eta Jamie Lee Curtis. "Egiaz eta ñabarduraz beteriko interpretazio-kalitate handiagatik, sotiltasun eta kontentzio handiz gerturatzen baikaitu galzorian den ofizio bati, amaitzen ari den mundu bati aurre egiten dioten pertsona-talde baten sentimenduetara", dio aktak.
Sariok banatu dituen Epaimahai Ofizialaren buru Jaione Camborda zinemagilea izan da, zeinak Urrezko Maskorra eskuratu baitzuen iaz O corno / The Rye Horn lanarekin. Zinemagile donostiarrak, epaiak ematerakoan, alboan izan ditu Leila Guerriero idazle eta kazetari argentinarra, Fran Kranz aktore eta zuzendari estatubatuarra, Christos Nikou errealizadore, gidoilari eta ekoizle greziarra, Ulrich Seidl zinemagile austriarra eta Carole Scotta ekoizle frantziarra.
Sariak Kursaal auditoriumean eginiko gala batean jakinarazi dituzte, eta, ondoren, We Live in Time filma estreinatu dute Europan, aurtengo edizioa ixteko filma, hain justu ere. Saioan izan dira John Crowley zuzendaria eta Andrew Garfield aktorea —filmeko protagonistakidea, Florence Pugh antzezlearekin batera—.
BESTE SARI OFIZIAL BATZUK
Piet Baumgartner egilearen Bagger Drama (Suitza) bigarren filmak eskuratu du Kutxabank-New Directors saria, zeinak aipamen berezia egin baitio Antón Álvarez musikariaren (C. Tangana izenez ezaguna) lehenbiziko zinemagintza-lanari: La guitarra flamenca de Yerai Cortés (Espainia).
Horizontes saria, berriz, El jockey / Kill the Jockey (Argentina, Mexiko, Espainia, Danimarka eta AEB) lanak eskuratu du, hau da, Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zen Luis Ortegaren azken filmak. Zabaltegi-Tabakalera saria, ostera, zinema-jaialdi berean programatutako film luze bati egokitu zaio, Aprili / April (Frantzia-Italia-Georgia) Dea Kulumbegashviliren bigarren film luzeari - Dasatskisi / Beginning (2020) bere debutak film onenaren Urrezko maskorra irabazi zuen, baita zuzendari onenaren eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko maskorrak eta Gidoi onenaren saria ere-. Gainera, Jessica Sarah Rinlanden Monólogo colectivo / Collective Monologue (Argentina) Locarnoko zinema-jaialdian aurkeztutako filmari aipamen berezia egin diote Zabaltegi-Tabakalera sailean.
Cubako Nazioarteko Zinema eta Telebista Eskolako José Luis Jiménez Gómezen El reinado de Antoine / The Reign of Antoine (Kuba-Dominikar Errepublika) film laburrak irabazi du Nest The Mediapro Studio saria. Culinary Zinema saria Paco Plazaren Mugaritz. Sin pan ni postre (Espainia) filmak eskuratu du, eta Eusko Label sariak, berriz, Borja de Agüerorentzat eta Jon Martija Leundarentzat izan dira: lehenbiziko saria Las guardianas (Espainia) eta bigarrena Km 0 (Espainia) film laburrentzat, hurrenez hurren. Gai sozialak aintzatesten dituen Loteriak sariaren epaimahaiak, bestalde, Mikel González Beorleguiri eman dio lehenbiziko saria Antón (Espainia) lanagatik, eta bigarrena, berriz, Carlos Fernández de Vigori eta Lorena Aresi, Cafunè (Espainia) obragatik.
Horretaz gainera, Chaplin | Spirit of The Tramp (Espainia, Erresuma Batua, Herbehereak eta Frantzia) filmak eskuratu du Euskal Zinemaren Irizar saria. Carmen Chaplin aktore eta ekoizlearen lehenbiziko lana izan da zinemagile gisa, eta Zinemira Sailean lehiatu da; Pello Gutiérrez Peñalba zuzendariaren Erreplika / Replica (Espainia) lanak, berriz, aipamen berezia eskuratu du. Horretaz gainera, Sail Ofizialean lehiatu den Huo Xin egilearen Bound in Heaven (Txina) filmak eskuratu du FIPRESCI saria.
Era berean, Perlak Saileko publikoak hautatzen duen Donostia Hiria Publikoaren Saria En fanfare / The Marching Band (Frantzia) lanak eskuratu du (Emmanuel Courcolen, filma, aurretik Canneseko Première sailean emana). Europako Film Onenaren Publikoaren Saria, ostera, Daney anjir maabed / The Seed of the Sacred Fig (Alemania, Frantzia eta Iran) film luzeak eskuratu du (Mohammad Rasoulof zinemagilearena, zeinak Epaimahaiaren Sari Berezia eta FIPRESCI saria eskuratu baitzituen Canneseko Sail Ofizialean). Azkenik, New Directors Sailean parte hartu duen Michael Tyburski zinemagilearen Turn Me On (AEB) filmak irabazi du Gazteriaren DAMA saria.