Donostia Zinemaldiak Zinemaldia Startup Challenge lehiaketaren bosgarren deialdia ireki du. Estatuko eta Europako ekintzaileei eta startupei zuzendutako lehiaketa da, eta ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak txertatzen dituzten proiektuak biltzen ditu. Izena emateko epea ekainaren 1ean amaituko da.
Ekimena Zinemaldia & Technology ekitaldiaren esparruan kokatzen da. Zinemaldiaren apustu estrategikoa da Zinemaldia & Technology, eta teknologiari eta ikus-entzunezkoen industriari buruz hausnartzeko eta bi sektoreen arteko harremanak estutzeko gune gisa kokatzeko jomuga du.
‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ ekimenaren –‘Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat’ delakoaren ardatzetako baten– jardueretako bat da. Espainiako startupei zuzendutako aipaturiko lehiaketaz gain, ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ saioak inbertitzaile sortzaileen bigarren topaketa ere barne hartuko du.
Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren lehiaketa horietara aurkezteko, proiektuek hainbat baldintza bete behar dituzte: ekintzaile batetik edo duela gutxi sortutako –hots, 2017ko abenduaren 31ren ondoren eratutako– startup batetik abiatzea, zer garapen-fasetan dagoen alde batera utzita; ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak aplikatzean oinarrituta egotea; egoitza fiskala Espainian edo Europako beste herrialderen batean izatea eta enpresa-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan abian jartzeko aukera kontuan hartzea.
Hautatutako proiektuak irailaren 28an Donostia Zinemaldian garatuko den Zinemaldia & Technology jardunaldian aurkeztuko dira, eta mahai-inguru bat ere barne hartuko du.
Adituen batzorde batek –TECNALIAko eta Vicomtech Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetako profesionalek osatua– hamar proiektu finalista aukeratuko ditu, horietako bost Espainiakoak eta beste bost Europako gainerako lurraldeetakoak, eta urtebetez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC edo business innovation centerretako batean inkubaziogune bat doan eskuratzeko aukera izango dute. Bi epaimahai independentek aukeratuko dituzte proiektu irabazleak –bata estatuko lehiaketakoa eta bestea Europako lehiaketakoa–, eta bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu. Gainera, deialdi honek arreta berezia eskainiko dio ekintzailetzari, eta 3.000 euro bideratuko ditu pertsona edo talde ekintzaile batek aurkeztutako eta hautatua izan den proiektu onena saritzeko. Irabazleek eta finalistek, gainera, 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute euren proiektua Euskadin garatzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez sustatzen du Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia; Donostia Zinemaldiak hauekin lankidetzan antolatzen du Zinemaldia & Technology: TECNALIA; ALÍA (Ikus-entzunezkoen Industria Aliantza); eta Vicomtech.
Proiektua Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren –SEEParen– barruan dago. Plan horrek helburu du Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzea, eta Kultura eta Kirol Ministerioak sustatzen du ICAA institutuaren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX España Exportación e Inversones, Málagako Zinemaldia eta Donostia Zinemaldia direla medio.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: EKAINAK 1
HARREMANETARAKO
startupchallenge@sansebastianfestival.com
Tel.: +34 943 481 217
www.sansebastianfestival.com
Spanish Screenings Espainiako ikus-entzunezkoen nazioartekotze-programa bat da, 2022tik bultzada berri bat jasotzen duena, edukien aniztasunari dagokionez beste urrats bat emanez, gaikako atalak sortuz eta ikus-entzunezko narratiba berriekin lerrokatutako obrak txertatzeko eta Espainiako ikus-entzunezkoen kate profesional osoari balioa emateko ikuspegiarekin.
Horrela, haren formatu berria, Spanish Screenings XXL, Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat da, ikus-entzunezko industriaren erronka berrietara egokitzeko edukietan eta jarduera-bolumenean hazten ari den proiektu bat, eta bertan Kultura eta Kirol Ministerioa dago sartuta, ICAAren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bitartez, ICEX España Exportación e Inversiones, Málagako Zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldiaren bitartez.
Kultura eta Kirol Ministerioak eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak bultzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko 'España Hub Audiovisual de Europa’ osagaiaren esparruan kokatzen da Spanish Screenings.
ZINEMALDIA STARTUP CHALLENGE SUSTATZAILEA
ZINEMALDIA & TECHNOLOGY
Industria Saila ondorengoen babesarekin