"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinema Latinoaren 2017ko Jaeger-LeCoultre saria jasoko duen Paz Vega aktorearen omenez, 10 Items or Less filma proiektatuko da. Sevillako antzezlea eta Morgan Freeman estatubatuar aktorea dira filmeko protagonistak.
Gala irailaren 23an izango da (larunbata), Victoria Eugenia antzokian, 20:30ean. Saria banatu ondoren 10 Items or Less proiektatuko da, Brad Silberling zuzendariak (A Series of Unfortunate Events/Lemony Snicketen zoritxarreko gertaera saila) idatzi eta zuzendutako filma.