Donostia Zinemaldiaren azken bi edizioetan aurkeztutako 22 filmek 64 izendapen lortu dituzte Goya sarien 32. ediziorako. Otsailaren 3an emango dituzte Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren sariak.
Izendapen gehien Handia filmak lortu ditu; Sail Ofizialean lehiatu zen eta Epaimahaiaren Sari Berezia eta Euskal Zinemaren Irizar saria erdietsi zituen. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako filmak saria lor dezake kategoria garrantzitsuenetan –film, zuzendaritza eta jatorrizko gidoi onena (Arregi, Garaño, Andoni de Carlos eta Jose Mari Goenaga) eta gizonezko aktore berri onena (Eneko Sagardoy)– zein sari teknikoetan –zuzendaritza artistikoa (Mikel Serrano), jantzien diseinua (Saioa Lara), makillajea eta ile-apainketa (Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Aguirre), efektu bereziak (Jon Serrano eta David Heras), soinua (Iñaki Díez eta Xanti Salvador), muntaketa (Laurent Dufreche eta Raúl López), jatorrizko musika (Pascal Gaigne), ekoizpen-zuzendaritza (Ander Sistiaga) eta argazki-zuzendaritza (Javier Agirre)–.
El autor filmak, Sail Ofizialean ere lehiatu zenak, bederatzi izendapen jaso ditu: filma, zuzendaritza (Manuel Martín Cuenca), aktore protagonista (Javier Gutiérrez), antzeztaldeko emakumezko aktorea (Adelfa Calvo), antzeztaldeko gizonezko aktorea (Antonio de la Torre, Abracadabra filmarekin aktore protagonista onenaren saria erdiesteko ere lehiatuko dena), emakumezko aktore berria (Adriana Paz), egokitutako gidoi onena (Alejandro Hernández eta Manuel Martín Cuenca), jatorrizko abesti onena (José Luis Perales) eta soinu onena (Daniel de Zayas, Pelayo Gutiérrez eta Alberto Ovejero).
Gainera, Marrowbone (El secreto de Marrowbone), Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo aurkeztu zutena, zuzendari hasiberri onenarentzako sarirako hautagaia ere bada (Sergio G. Sánchez), eta Morir filmean, Fernando Francok zuzendutako Sail Ofizialeko proiekzio berezian, Andrés Gertrúdix aktore protagonistaren lana aitortu dute.
La cordillera filmak, Ricardo Darín protagonista duen Donostia Sariaren emanaldi bereziak, jatorrizko musika onenerako izendapena ere jaso du Alberto Iglesiasentzat.
Perlak sailari amaiera eman zion Loving Pablo filmak (Fernando León de Aranoa) bi izendapen ditu bi aktore protagonistentzat (Javier Bardem eta Penelópe Cruz).
Zabaltegi-Tabakaleran hautatutako bi film hautatu dituzte dokumental onenaren kategorian: Muchos hijos, un mono y un castillo (Gustavo Salmerón) eta Saura(s) (Félix Viscarret).
Una mujer fantástica, Horizontes Latinos sailari hasiera eman ziona, Iberoamerikako urteko film onena eskuratzeko hautatu dute.
Handia ez da euskarazko film bakarra izango Goya sariak emateko ekitaldian. Zinemiran aurkeztutako Juanba Berasategiren azken filma (Nur eta herensugearen tenplua) hautagai da animazio-film onenaren sarirako.
TVE Galako La llamada filmak bost izendapen hauek jaso ditu: zuzendari hasiberri onena (Javier Ambrossi eta Javier Calvo), antzeztaldeko emakumezko aktore onena izateko bi izendapen (Anna del Castillo eta Belén Cuesta), egokitutako gidoi onena eta jatorrizko abesti onena.
Europako Film Onenaren atalean Donostia Zinemaldiaren azken bi edizioetan aurkeztutako lau film arituko dira lehian: Le sens de la fête / C’est la vie!, aurten Sail Ofizialean hautatua; Lady Macbeth, Sail Ofizialean lehiatu zena eta 64. edizioan FIPRESCI saria eskuratu zuena; The Square, aurten Zabaltegi-Tabakalera sailari hasiera eman ziona; eta Toni Erdmann, Perlak sailean aurkeztua eta 2016an FIPRESCI Sari Nagusia jaso zuena.
Halaber, Made in Spain sailean aurkeztutako zazpi filmek 24 izendapen jaso dituzte: Estiu 1993 filmak 8 izendapen jaso ditu, tartean film onena eta zuzendari hasiberri onena; Verónica filmak 7 izendapen jaso ditu, film onena eta zuzendaritza onena (Paco Plaza), besteak beste; Pieles eta No sé decir adiós filmek hiruna; eta Incerta Glòria, Selfie eta El bar filmek bana.
La librería (Isabel Coixet) filmak 12 izendapen lortu ditu, eta Abracadabra (Pablo Berger) filmak 8.