Donostia Zinemaldiaren 65. edizioko zortzi film Espainiako Lankidetza Saria lortzeko hautagai izango dira. Sariaren bitartez, giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideen berme osoa lortzeko laguntza handiena ematen duen Iberoamerikako filmaren ekoizlea ohoratu nahi da.
Donostia Zinemaldiaren eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziaren (AECID) arteko elkarlanaren emaitza da sari hau, eta hirugarren edizioa du aurten. Saria, 10.000 eurokoa, Zinemaldiaren amaierako galan banatuko da. Hautagaien artean, Sail Ofizialeko, Zuzendari Berriak saileko eta Horizontes Latinoseko filmak daude.
Sari hau batera sustatzeaz gain, beste zeregin batzuetan ere koordinatuta dihardute AECIDek eta Donostia Zinemaldiak. Hain zuzen, laguntza eman nahi dute emakumeek eta talentu berriek Iberoamerikako ikus-entzunezkoen industrian presentzia izan dezaten.
Epaimahaia
Espainiako Lankidetza Sariaren epaimahaia ondorengo pertsonek osatuko dute:
Espainiako Lankidetza Sarirako hautagai diren filmak
SAIL OFIZIALA
Alanis prostituzioan aritzen da. Haurtxo bat du, eta bere lagun Giselarekin partekatzen du bizilekua. Bertan hartzen ditu bere bezeroak ere, baina egun batean bi polizia-inspektorek etxea itxi eta Gisela eramango dute, emakumeen salerosketa egotzita. Alanis gezurrez beterik iritsiko da bere izebaren lokalera, Miserere Plaza parean. Arraza anitzeko auzo bortitz horretatik, Alanisek ahaleginak egingo ditu bere duintasuna berreskuratu, bere lagunari lagundu eta bere semea zaintzeko. Kalean eskainiko du berak egiten dakiena, baina kaleak bere arauak ditu, eta Alanisek bere lekua aurkitzeko borrokatu egin beharko du.
Malena erdi-mailako klaseko sendagilea da Buenos Airesen. Arratsalde batean Costas doktorearen deia jasoko du: esaten duenez, berehala bidaiatu behar du herrialdeko iparraldera, espero zuen haurtxoa jaiotzear da eta. Bat-batean eta ia-ia pentsatu gabe, Malenak zalantzaz eta bidegurutzez jositako bidaia bati ekiteko erabakia hartuko du. Bidean orotariko oztopo legal eta moralei egin beharko die aurre, eta bere buruari etengabe galdera hau egitera eramango dute Malena: zer muga zeharkatzeko prest dago bere irrika biziena lortzeko?
ZUZENDARI BERRIAK
Paula, 22 urteko ikasle gazte bat, bere aita maitearen hilketaren lekuko izango da. Aita politika-zientzien irakaslea da Medellín hiriko unibertsitate publiko batean. Urrunetik, Paulak hiltzailea ikustea lortuko du hark ziztu bizian motor batean ihes egiten duenean. Gertaera horren ostean lur jota, Paulak eta haren familiak agintarien nagikeria jasan beharko dute. Izan ere, ez dute egingo gertatutakoa argitzeko ahaleginik, eta kasua laster geratuko da artxibatuta eta bertan behera. Eguberria iristean, hilketatik bi hilabetera, ustekabean bere aitaren hiltzaile gaztearekin, Jesúsekin, gurutzatuko da Paula. Zer gertatuko da orduan, mendekua gertagarri ikusten denean? Paulak gizon horrengana gerturatzeko erabakia hartuko du; hasiera batean, erantzunak aurkitzeko sen ia primitiboari jarraikiz, eta, azken batean, norbait erailtzearen muga moral eta etikoa zeharkatu eta aitaren heriotzarengatik mendekua hartzeko.
Munduaren azkenean dagoen herrialde urrun batean Tamara bizi da, hamabi urteko neska bat, Miguel karismadunaren zaintzapean. Miguel kultu baten liderra da, eta Tamarak miretsi egiten du. Uda horretan zeregin bat jarriko dio neskari: Miguelekin haur saindu bat izatea, lehen hilerokoa izan orduko. Tamara konturatuko da berak nahi duen bizitza ez datorrela bat ezarri dioten patuarekin. Desobedientziaren ondorioz, neskatik emakumera bilakaera bortitza izango du, eta pentsa ezineko modu batean lortu beharko du bere askatasuna.
HORIZONTES LATINOS
Marina zerbitzari gazte bat da, eta abeslaria izan nahi du; Orlando, berriz, inprimategi baten jabea da. Biak etorkizuna elkarrekin bizitzeko planak egiten ari dira. Orlando bat-batean hiltzen denean, Marinak aurre egin beharko dio Orlandoren familiari eta gizarteari, benetan zer den erakusteko: emakume konplexua, indartsua, zintzoa… zoragarria.
Reynaldo Galíndez 'Rey' nerabea, bere lehen delitutik ihesi, Carlos Vargas segurtasun-zaindari erretirodunaren etxeko patioan eroriko da. Erortzean, Vargasek tratu bat eskainiko dio: gazteak etxean eragin dizkion kalteak konponduko ditu, poliziara entregatua ez izatearen truke. Ordutik aurrera, zaindari zaharrak nerabeari irakasten dizkion lezioek errege baten prestakuntzari buruzko kondaira zaharrak gogorarazten dituen harreman bati emango diote bide. Ituna apurtzen hasiko da, ordea, Reynaldok parte hartu zuen lapurretako hari askeak haien inguruan estutzen hasten direnean. Industriaren Zinema Eraikitzen eta Zinema Eraikitzen CAACI/Ibermedia TV sarien irabazlea izan zen iaz.
Pedro hamabi urteko mutiko bat da; bere lagunekin, kaleetan zehar ibiltzen da, Caracaseko langile-auzo bateko giro bortitzaren erdian. Borroka batean Pedrok larri zaurituko du beste mutil bat, eta orduan ihes egin eta ezkutatu behar direla erabakiko du Andrések, Pedroren aita ezkongabeak. Andrés konturatuko da aita gisa ezin duela bere seme nerabea kontrolatu, baina, egoera hori dela medio, inoiz baino gehiago hurbilduko dira bata bestearengana.
Mariana (42) Txileko gizarte-maila altuko emakume bat da. Arte-galeria bat zuzentzen eta zaldi gainean ibiltzen ikasten ematen ditu egunak. Zaldiketako irakaslea, Juan, bera baino 20 urte zaharragoa, zalditeriako ofizial ohia da; El Coronel ezizenez ezaguna, ikerketapean dago Txileko diktadura garaiko giza eskubideen abusuak direla eta. Bere irakasle misteriotsuarekin maitasun-harreman bat hasten duenean, sare konplexu batean nahastuta amaituko du Marianak. Bere aitaren eta ikertuaren arteko harreman estuaren berri duenean, ihes egiteari uko egingo dio.