Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak babesteko programa bat da, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak antolatua, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin. Programa horren barruan egiten diren egonaldiak joan den abuztuaren 21ean jarri ziren martxan. Egonaldiek sei asteko iraupena dute. Horietan, Tabakalerako Sortzaileen Gunerako aukeratutako lau proiektuak garatuko dituzte Maider Fernández Iriarte (Donostia, 1988), Helena Girón (Santiago de Compostela, 1988) eta Samuel M. Delgado (Santa Cruz Tenerife, 1987), Julia Pesce (Córdoba, Argentina, 1984) eta Leo van Dijl (Kortrijk, Belgika, 1991) errealizadoreek. Prozesuan laguntzeko, lehenengo lau asteetarako profesional hauen eskola magistralak antolatu dira: Fernanda del Nido ekoizlea, Setembro Cineren sortzailea; eta Tizza Covi eta Rainer Frimmel zinemagileak, Vento Films ekoiztetxearen sortzaileak. Gainera, egoiliar bakoitzak erabateko eskua izango du, nolabaiteko “gutun zuri” bat, Tabakaleran bere erreferentzia zinematografikoen artean den film bat programatzeko.
Egonaldiaren bosgarren astean, Donostia Zinemaldiaren hasierarekin batera, pitching delakoa egiteko prestatuko dira; ikus-entzunezko proiektuaren aurkezpen labur bat, lan hori koproduzitzeko eta banatzeko interesa izan dezaketen nazioarteko ekoizle, salmenta-agente eta industriako profesionalen aurrean. Aurkezpenak Donostia Zinemaldiko profesionalen topagunea den Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan izango dira. Egoiliarrek berariazko lekua izango dute San Telmon, Foroaren egoitzan, beraien proiektuetan interesa duten akreditatuekin banan-banako bilerak izateko. Bestalde, industriako gainontzeko jardueretan parte hartzeko eta Zinemaldiko emanaldietara joateko aukera izango dute. Egonaldia, hain zuzen ere, urriaren 1ean amaituko da, Zinemaldia bukatu eta hurrengo egunean.
Sei aste horietan, laguntza eta aholkularitza emango die aurkeztutako 157 proiektuen artean (iaz baino % 320 gehiago) haienak aukeratu zituen aditu-batzordeak: Carlo Chatrian, Locarnoko zinema-jaialdiaren zuzendaria; Ada Solomon, zinema-ekoizlea eta HiFilm Productions ekoiztetxearen sortzailea; eta Sergio Oksman, zinema-zuzendaria (Goodbye America, A Story for the Modlins, O futebol) eta Dok Films ekoiztetxearen arduraduna.
Hamabost egunez Tabakaleran lanean aritu ostean, beren iritziak plazaratu dituzte parte-hartzaileek: Maider Fernández Iriartek, Euskal Autonomia Erkidegoko errealizadoreen kategorian; Helena Girónek eta Samuel M. Delgadok, Espainiako gainerako lurraldeko errealizadoreen kategorian; Julia Pescek, nazioarteko errealizadoreen kategorian aukeratutako proiektuaren egileak, eta Leo van Dijlek, Donostia Zinemaldian urtero egiten den Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaguneko parte-hartzaileen artean aukeratutakoak.
“Ikusmira Berriak programak tresnak ematen dizkigu, hala alderdi teknikoan nola giza alderdian, gurearen moduko proiektuak garatu ahal izateko, pentsamenduari eta ideiak partekatzeari eta aurrez aurre jartzeari balioa ematen dion gune batean; izan ere, gune honek ahalbidetzen dituen topaketei esker, bestelako ñabardurak eta ustekabeko ondorioak hartzen ditu zure proposamenak”, adierazi dute Maider Fernández Iriartek, Helena Girónek, Samuel M. Delgado eta Julia Pescek. Haien ustez, “probetxu handikoak ari dira izaten” Tabakaleran emandako lehen asteak. “Tabakalerak aparteko instalazioak ditu eta asko gozatzen ari gara gainerako egoiliarrekin prozesuak partekatzen. Bereziki nabarmengarria iruditzen zaigu, halaber, hemengo langileen profesionaltasuna eta xumetasuna. Ikaragarri ari dira gure egonaldia errazten”, adierazi dute esker onez. Leonardo van Dijl bigarren aldiz egon da Tabakalerako “eraikin txundigarrian”; izan ere, iaz Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako aukeran parte hartu zuen. “Berebiziko eremua eta dimentsioa ditu”, azpimarratu du.
"Donostia Zinemaldian izatea abagune ona da gure proiekturako sinergiak eta aliantzak bilatzeko, baita aukera berezia ere, inspirazio-iturri izango diren beste lan batzuk ezagutzeko”, gaineratu dute egoiliarrek. “Nire itxaropena da gidoia ontzeko lan handia egitea eta egonaldian nirekin daudenengandik asko ikastea, hartara, Zinemaldia hasten denean, film eder asko ikusi eta apur bat erlaxatu ahal izango dut”, adierazi du Van Dijlek. Haren ustez, “zoragarria da zinema-jaialdi batek ongi ulertzea zein garrantzitsua den artista batentzat sorkuntza-prozesua, eta bere lana azaleratu ahal izateko denbora eta gune bat eskaintzea, trukean ezertxo ere ez eskatu gabe”.
Ikusmira Berriakek 20.000 euroko diru-laguntza emango du, eta hautatutako proiektuen artean banatuko da. Gainera, REC Grabaketa Estudioak film luze baterako postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu sari gisa, 35.000 euroko balioan.
PROIEKTUAK
1996an, amak eta izebak Los Angelesera bidaiatu zuten Carlos Castaneda idazle eta antropologo iparramerikar ezagunaren pausoak jarraituz. Bertan hasi ziren Tentsegritatea praktikatzen. Mexikoko antzinako praktikak eta tradizioak dira, eta Carlosek berak eman du haien berri bere korporazioak (Cleargreen Inc) diruz lagundutako liburu eta mintegietan. Esperientzia zapuztu egiten da bizitza moderno eta globalizatuko zailtasunek promesa mistiko horiek mehatxatzen dituztenean.
Kristobal Kolonek gidatutako espedizioko eskifaian ordurako hilda egon behar zuten hiru gizon daude. Bidaia ezezagunean parte hartzearen truke ekidin dute heriotza. Santa Maria ontziaren bela lapurtu eta bidaia noragabean ihes egingo dute hiru emakumerekin batera: sibila, sendalaria eta sorgina.
"Jordi duela 51 urte jaio zen, garun-paralisiarekin; hala ere, ez du bere burua gaixotzat hartzen. Hitz egin ezin duen arren, kartoizko taula baten laguntzaz saiatzen da elkarrizketak izaten. Hain zuzen, hala komunikatzen gara elkarrekin. Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuen lehenengo aldiz 21 urte zituenean. Hala ere, gaur, etxea eta gurasoak utzi eta egoitza batera joan da, eta ez du Jainkoaren presentzia sentitzen. Jordi hutsik dago isiltasunaren eraginez. Filma Jainkoarekiko eta gizon aske baten hitzarekiko maitasunari buruzkoa da. (Maider Fernández Iriarte)
Stephanie filmak olinpiar jokoetan parte hartu nahi duen anbizio handiko gimnasta gazte baten istorioa kontatzen du. Entrenatzailearekin eta bere ingurukoekin duen harreman ekaiztsua mantentzeko, isilean gordetzen ditu zauri eta min jasanezinak. Sendagaiak bere kabuz hartzen hastean eta hondamendira daraman kiribil batean sartzean, konturatzen da gainontzekoen maitasuna eta onespena lortzeko irabazi nahi duela beti.
Lau gutun zuri
Profesionalen eskola magistralak
FERNANDA DEL NIDO Setembro Cineren sortzaile eta ekoizlea. MPXA masterreko ikasle ohia, Fernanda del Nido hainbat hedabiderentzat eta ikus-entzunezko ekoiztetxerentzat aritu da lanean, hala Buenos Airesen nola Galizian. 2006an Tic Tac Producciones sortu zuen, Galiziako ekoiztetxe independentea, film luzeak garatu eta ekoizteko xedez, bereziki, Latinoamerika eta Europa arteko koprodukzioak. Bere filmografiak proiektu hauek hartzen ditu barnean: Polvo (Julio Hernández Cordón), 18 comidas (Jorge Coira) eta Agua fría de mar (Paz Fábrega) fikzio-lanak eta Tralas luces (Sandra Sánchez), Qué culpa tiene el tomate (Alejo Hoijman, Paola Vieira, Marcos Loayza, Carolina Navas, Jorge Coira, Josué Méndez eta Alejandra Szeplaki), Manuel y Elisa (Manuel Fernández-Valdés), Flores tristes (Manuel Abad) eta Vienen por el oro, vienen por todo (Pablo D'alo Abba eta Cristian Harbaruk) dokumentalak. Setembro Cineko ekoizle exekutibo gisa, nabarmentzekoak dira egin dituen azkeneko filmak: Neruda, 2016an Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatua eta 64. Donostia Zinemaldiko Perlak sailerako hautatua; eta Una mujer fantástica (2017), Teddy sariaren eta gidoi onenaren sariaren irabazle Berlinalen eta Sebastiane Latino sariaren irabazle Donostian, non Horizontes Latinos sailari hasiera emango baitio.
Zinema-zuzendariak eta Vento Films ekoiztetxearen sortzaileak. Tizza Covi (Bolzano, Italia, 1971) eta Rainer Frimmel (Viena, Austria, 1971) Viena Higher College eskolan graduatu ziren, arte grafikoetan eta argazkilaritzan bi-biak. 1999an argazkilaritza, antzerki eta ikus-entzunezko proiektuetan elkarrekin lanean hasi ziren. 2002an beren ekoiztetxea sortu zuten, Vento Films, beren filmak beregain ekoitzi ahal izateko. Hainbat dokumental-sari irabazi dituzte, besteak beste Wolfgang Staudte saria Berlinaleren esparruan, Babooska filmarekin. 2011n Cannesen saritu zuten haien lehen fikzio-lana, La Pivellina, eta 2016an epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu zuten Locarnoko nazioarteko zinema-jaialdian, Mister Universorekin.