Thierry Frémaux (Tullins-Fures, Frantzia) 2001etik da Canneseko zinema-jaialdiaren zuzendaria da, baita Lumière zinema-jaialdiarena eta Lyongo Lumière Institutuarena ere. Frantziako erakunde akademiko horren xedea da Frantziako zinematografia sustatu eta jendarteratzea, eta Auguste eta Louis Lumière anai-arrebek zinemari egindako ekarpena ohoratzea. Gainera, bere biografiako oharren artean, nabarmendu daiteke judo-maisua dela eta 4. daneko gerriko beltza duela, Bruce Springsteenei buruzko espezialista dela eta Olympique Lyonnais futbol taldearen zale dela. Lyon eta Paris artean bizi da, baina Parisen “rue de Lyon” kalean bizi dela zehazten du.
Lumière! L’aventure commence (2016) Lumière anaien kopia zaharberrituen bilduma bat da. Frémaux da filmaren zuzendaria, muntatzailea –Thomas Valette-rekin batera–, ekoizlea –Bertrand Tavernier-ekin batera–, eta ahotsa. Auguste eta Louis anaiak ez ezik, Martin Scorsese ere ageri da. Filma Cannes Classics sailean eta Torontoko sail ofizialean proiektatu zen.
Irailaren 23an Tabakalerako zinema-aretoan aurkeztuko eta komentatuko du filma, Donostia Zinemaldiaren esparruan. “Asko pozten eta harrotzen nau nire filma, Lumière!, Donostia Zinemaldian erakusteak; izan ere, mundu osoko zinema-jaialdi gogokoenetakoa dut, eta ez soilik planeta osoan jateko lekurik onena delako Donostia, Lyonekin batera”, adierazi du.
“Lumière anaien enbaxadore gisa, Alexandre Promioren bideari jarraituko diot. Lumière anaien kameralari ospetsu hura 1896an etorri zen lehenbizikoz Espainiara. Lumièretarren film luze bat ekarri dut nirekin. Zinema zein aberatsa, liluragarria eta ahaltsua zen erakusteko prestatu dudan programa bat da. Louis Lumière ez zen asmatzaile hutsa; artista zen benetan, azken asmatzailea eta lehenengo zuzendaria. Hogeita hamar urte zituen, gaztea zen eta pozez betea zegoen, eta horixe adierazi nahi dut 90 minutuko programa honekin. Lumièretarrek azaleratutako mundua eskuzabaltasunez, sentikortasunez eta kalitate artistikoz zegoen egina. Agertokian izango naiz hori azaltzeko, eta bidaia zoragarria izango da denontzat”, amaitu du Frémauxek.
Saio berezi horretarako sarrerak ohiko kanalen bitartez jarriko dira salgai, Donostia Zinemaldiko programazioaren gainerako emanaldiak bezala, irailaren 17an (igandea) 9:00etatik aurrera.
Caramel Films-ek gutxi barru estreinatuko du filma Espainiako zinema-aretoetan.
Zinemaren sortzaileen unibertsotik bidaia, Frèmaux-ek grinaz eta umorez kontatua, Lumière!-ek irudi ahaztezinak eta Frantziari eta munduari buruzko ikuspegi paregabea ematen ditu aro modernoaren hasieran; zinemagintza garaikidearen mundua argitzen duten funtsezko filmak.