Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek eta Kutxabank Gipuzkoa Sarearen zuzendari Ander Aizpuruak gaurko prentsaurrekoan jakinarazi dituzte Kutxabank-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehiatuko diren europar, asiar eta latinoamerikar zinemagileen hamahiru lehen edo bigarren filmen izenak. Sailaren helburua zinemagile berriak -hau da, zinema pentsatzeko eta egiteko modu berriak- ezagutaraztea da.
Sekta bat, gizonik gabeko herri bat, Suediako baserri bat, Hego Koreako armada, nerabezaroa, gaixotasuna edo aitaren erailketa, horra hor zuzendaritza berri hauen testuinguruetako batzuk. Haietako zenbaitek ibilbide saritua dute film laburren arloan.
Jens Assur suediarra argazkilari eta zinemagile ezaguna da. Haren film laburrak Cannes, Clermont-Ferrand, Tribeca eta Sundanceko jaialdietan estreinatu eta saritu izan dituzte. Bere lehen film luzea, Korparna / Ravens, gazte baten istorioari buruzkoa da: haren aita tematuta dago gazteak familiaren baserriarekin jarrai dezan.
Gilles Coulier belgikar zuzendari eta gidoilaria Bevergem / The Natives telesailari esker da ezaguna; haren film laburretako bat Cinefondation sailerako aukeratua izan zen, eta beste bat Cannesen lehiatu zen. Lehen filma, Cargo, behea jotzear dagoen familia bateko hiru anaien gatazkari buruzkoa da.
Laura Mora kolonbiar zuzendariaren film laburrek hainbat sari lortu dituzte, eta 2015ean Cartagena de Indiaseko zinema-jaialdirako aukeratu zuten haren lehen film luzea, Antes del Fuego. Bigarren filma, Matar a Jesús, bere proiektu pertsonalena du: 2002an bere aitaren hilketaren ondoren gertatutakoan dago oinarritua.
Tigre Argentinako Silvina Schnicer zinemagilearen eta Buenos Airesen bizi den Ulises Porra katalan zuzendariaren lehen film luzea da. Aurrez, batera zuzendu eta idatzi zuten La bicha film laburra, Argentinako Arteen Funts Nazionalaren Sariaren irabazlea. Egin duten lehen film luzean, denbora luze baten ostean Tigreko Deltako irla batera itzuliko den emakume baten istorioa landu dute.
Juan de Dios eta Pablo Larraín eta Fernanda del Nido ekoizle direla, Princesita Marialy Rivas zuzendariaren bigarren film luzea da. Txiletar zuzendariak Joven & Alocada filmarekin egin zuen debuta. Film hura Donostia Zinemaldiko (2011) 20. Zinema Eraikitzen sailerako aukeratu zuten, eta Horizontes Latinos sailean lehiatu zen, halaber, 2012an Sundancen World Cinema Screenwriting Award saria irabazi ondoren. Zinema Eraikitzen sailaren 28. edizioan parte hartu zuen Princesita filmak 12 urteko haur batek sekta batean biziko duen esperientzia kontatzen du.
Jimmy Rivière (Epaimahaiaren sari nagusia eta Publikoaren saria Angerseko zinema-jaialdian, 2011) lehen filmaren ondoren, Le Prix du succès /The Price of Success filmean, arrakasta dela-eta anaiari aurre egingo dion komiko gero eta ezagunago batean jarriko du bere begirada Teddy Lussi-Modeste frantziar aktore eta zinemagileak.
Marine Francen zuzendaria Michael Hanekeren eta Olivier Assayasen laguntzaile aritua da. Bere lehen filmean, Le semeur / The Sower izenekoan, antzeztaldean bildu ditu Pauline Burlet belgikarra (emakumezko aktore berri onenaren Magritte saria 2014an Le passé filmarengatik), Géraldine Pailhas (antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Cesar sarirako izendatua Jeune & Jolie filmarengatik) eta Alban Lenoir (gizonezko aktore berri onenaren Lumière sarirako izendatua 2016an Un français lanarengatik), eta basakeriaz gizonik gabe geratu den herri baten istorioa kontatuko digu.
Blue My Mind Lisa Brühlmann suitzar zuzendariaren lehen lana da. Bere gorputzaren aldaketa handiei aurre egin behar dien hamabost urteko nerabe bat (Luna Wedler) da filmaren ardatza.
Pok-ryuk-eui Ssi-at / The Seeds of Violence filma lehiaketa nazionalaren irabazle izan zen Jeonjuko zinema-jaialdian. Zinta horretan, nagusi baten abusuak agerira ekarri nahi dituen Hego Koreako armadako soldadu baten bilakaera erakusten du Lim Tae-gue zuzendariak.
Lai Kuo-an taiwandar zinemagileak bere lehen film luzea aurkeztuko du Donostian. A Fish Out of Water du izena, eta haur bat da filmaren ardatza; izan ere, aurreko bizitza batean bere ama-aita izandakoak bilatzen laguntzeko eskatuko die bere gurasoei.
Pailalim / Underground Daniel Palacioren lehen film luzea da eta Brillante Mendoza filipinar zinemagileak ekoitzi du. Etxerik gabeko gizon bat da protagonista; hilerrian bizi da, eta ezin du ordaindu larriki gaixo dagoen bere alabaren tratamendu medikoa.
Wang Feifei zuzendariak, Txinako Zinema Independentearen Jaialdiko komisarioak, lau elementuren inguruan eraiki du bere lehen film luzea, He ri jun zai lai / From Where We’ve Fallen: amesgaizto bat, haserre den gizon bat, sexu-eskandalu bat eta beirazko eskumuturreko bat.
Nicolás Combarro (A Coruña, 1979) artista ezagunak hainbat adierazpide erabiltzen ditu –adibidez, argazkilaritza eta eskultura–, eta bere lehen film luzea aurkeztuko du: Alberto García-Alix. La línea de la sombra. Lan horretan espainiar argazkilari horren unibertsoa aztertzen du; Combarro haren lanen komisario izan da, eta lan-harreman estua izan du harekin.
Datozen asteetan jakinaraziko ditugu Zuzendari Berriak saila osatuko duten gainerako filmen izenak. Sail hau Zinemaldiak talentu zinematografiko berrien alde egiten duen apustuaren parte da; haien filmak ikusgai jartzeko plataforma bat da. Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazi duten azken bi filmak Espainian estreinatu dira: Le nouveau /The New Kid (2015) hainbat zinema-jaialditarako aukeratua izan zen ondoren, adibidez, Zagreberako, Melbournerako eta Lisboarako, eta Publikoaren saria eraman zuen azken horretan; Park (2016), aldiz, Genevako eta Tesalonikako lehiaketetan saritu zuten, eta Greziako Zinema Akademiak zuzendari berri onenari emandako saria ere irabazi zuen.
Kutxabank-Zuzendari Berriak saria nazioarteko epaimahai batek ematen du. 50.000 euro dira, eta zuzendariak eta filmaren Espainiako banatzaileak jasotzen dituzte. Kutxabankek Zuzendari Berriak sailari ematen dion babesa finantza-erakundeak Donostia Zinemaldiari kolaboratzaile ofizial gisa beste urte batez ematen dion babes zabalago baten parte da.
Sail honetako filmak Gazteriaren EROSKI saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 300 ikaslek osatutako epaimahai batek erabakitzen du.
FILMAK
Yian haurtzaindegira joaten hasi da, eta askotan eskatzen die bere gurasoei aurreko bizitzan izandako aita-amak aurkitzen laguntzeko. Hala ere, sendagileek eta haren gurasoek mania bat dela uste dute. Bitartean, gurasoak elkarrengandik banantzeko negoziatzen ari dira. Bere ama, Yaji, berekin joango da etxetik; bere aitak, Haoteng-ek, Yianen aitona zaintzeko erabakia hartuko du, hura gaixo dago eta...
Alberto García-Alix. La línea de sombra Espainiako panorama artistikoko argazkilari garrantzitsuenetakoaren eta belaunaldi oso baten erreferentziazko artistaren erretratua da. Alberto García-Alixek bere bidea aurkitzeko igaro dituen argi eta itzal guztien zuzeneko lekukotza da hau. Haren estudioko intimitatetik kontatua, orainaren eta iraganaren artean bidaia bat proposatzen du filmak. Haren bizitzaren eta obraren arteko elkarrizketa bat.
Udako oporrak baino apur bat lehentxeago, Mia, 15 urteko neskatxa bat, Zuricheko aldirietara bizitzera joango da gurasoekin. Denbora luzez gurasoengandik urrun sentitu da, eta adoptatua al den galdetzen dienean ama samindu egingo da, baina ez dio erantzungo. Mia nerabe-jokabide basatian murgilduko da, guztiari aurre egin nahian; bien bitartean, bere gorputzean aldaketa bitxiak gertatzen hasiko dira. Hasieran ezingo dira hauteman ia-ia, baina ondoren gogorrak izango dira eta burua galtzen hasiko da. Etsirik, sexuaren eta drogen bitartez ihes egiten saiatuko da, estu-estuturik duen zurrunbiloa geldiarazi nahian. Baina natura indartsuagoa da.
Ipar Itsasoaren ur hotzetan, Leon Broucke bere arrantzontzitik eroriko da bere seme zaharrena, Jean, aurrean duela. Agurea koma sakonean murgilduko da, eta semearen gain utziko du zor itzel baten eta familiako negozioaren erantzukizuna. Aitaren faltak gatazkak piztuko ditu Jeanen eta bere bi anaien artean. Francis bi aukeren artean erdibituta dago: edo bere familia, edo maitale ezkutuarekin ihes egitea. William etxera itzuliko da, delituzko bizimodutik ihesi, bere bekatuak garbitu nahian. Jeanek, bere zortzi urteko semearentzat etorkizuna eraikitzeko desesperaturik, anaiari bere iragan kriminala aurpegiratuko dio. Cargo desesperazioari buruzko istorio bat da: etsipenak familia bat suntsitzear nola utz dezakeen kontatzen du.
Gauerdiaren ostean. Zhao erretzera jaitsiko da; bien bitartean, etxean, haren emaztea amets erotiko baten erdian xuxurlatzen dabil, horditurik. Lee izeneko bizilagunak eraikinetik salto egingo du, Zhaoren aurrean, eta suizidioak telefonoz grabatutako sexu-bideo bat ekarriko du agerira. Sanqing bere tutorearekin maiteminduko da. Kostaldera eginiko bidaia batean Sun irakaslearekin duen harremana finkatu nahiko du, baina azkenean ohartuko da bere ahaleginak alferrik izan direla. Hai Long Sun-en aspaldiko kide da. Ahaleginak egingo ditu Sanqing eta Wang izeneko bere bezeroa elkartzeko, eta horrek mendekua hartzeko aukera emango dio Sanqingi. Irlako tunel ilunean, Wang-ek amesgaizto bat kontatuko dio Sanqingi, eta istorio guztia azaleratuko du...
Eguneroko borrokaren errealitate latzak animoa kendu dio lanean gogor diharduen nekazari bati. Erabakita dauka bere semeak baserriaz arduratu behar duela eta bere legatua iraunarazi behar duela. Amak ahal duen guztia egingo du familiaren batasunari eusteko. Hala ere, gero eta beldur handiagoz, aitaren jokabide psikotikoa areagotzen doala ikusiko du semeak. Beste nonbait babesleku bat bilatuko du, baina ezingo dio halabeharrari ihes egin.
Brahim langile-familia batetik datorren komiko arrakastatsu bat da. Azkar lortuko du ospea, baina prezio baten truke: Brahim presiopean dago etengabe, Mourad anaia zaharraren eta Linda neskalagunaren artean. Bata bere managerra da; bestea, bere zuzendari artistikoa. Mundu guztiak itxaropen handiak jarri ditu haren gain: hasi familiatik eta txikitako lagunetara arte. Bere ametsa betetzeko –alegia, bere bigarren ikuskizuna idazteko– eta bere bidea aurkitzeko, anaiarekin duen lotura askatu beharko du Brahimek, baita horretarako prezio handiagoa ordaindu behar badu ere.
1852 urtea. Violette ezkontzeko adinean dago, baina Louis Napoleon Bonapartek aginduta. Errepublikanoen zapalkuntza bortitzaren ondoren gizonik gabe geratu da bere herria. Emakumeek hilabeteak igaroko dituzte erabat isolaturik. Beren gizonak berriz ikusteko desesperaturik, zin egingo dute gizon bat itzuliz gero guztientzat izango dela. Bizitzak aurrera jarraitu behar du haien guztien sabelean.
Paula, 22 urteko ikasle gazte bat, bere aita maitearen hilketaren lekuko izango da. Aita politika-zientzien irakaslea da Medellín hiriko unibertsitate publiko batean. Urrunetik, Paulak hiltzailea ikustea lortuko du hark ziztu bizian motor batean ihes egiten duenean. Gertaera horren ostean lur jota, Paulak eta haren familiak agintarien nagikeria jasan beharko dute. Izan ere, ez dute egingo gertatutakoa argitzeko ahaleginik, eta kasua laster geratuko da artxibatuta eta bertan behera. Eguberria iristean, hilketatik bi hilabetera, ustekabean bere aitaren hiltzaile gaztearekin, Jesúsekin, gurutzatuko da Paula. Zer gertatuko da orduan, mendekua gertagarri ikusten denean? Paulak gizon horrengana gerturatzeko erabakia hartuko du; hasiera batean, erantzunak aurkitzeko sen ia primitiboari jarraikiz, eta, azken batean, norbait erailtzearen muga moral eta etikoa zeharkatu eta aitaren heriotzarengatik mendekua hartzeko.
Bangis ehorzle behartsu bat da, eta bere familiarekin hilerri bateko mausoleo batean bizi da. Egunero beldur da, agintariek ez ote dioten kalera botako kanposantuan legez kanpo bizitzeagatik. Alaba gaixotzen denean dilema bati aurre egin beharko dio: ospitalera joan ala ez. Gaixotasuna hainbat astez luzatuko da, eta Bangisen etsipena handituz joango da. Ongi daki zerbait egin behar duela, bestela alaba ez da onik aterako. Duela gutxi lurperatutako gorpu bat lapurtu eta ehorztetxe bati saltzea erabakiko du. Gauza bakarra espero du: guztia ondo joatea eta bere alaba maitearentzat beranduegi ez izatea.
Jooyong, Koreako armadan soldadutza egiten ari den soldadu bat, bere buruzagietako baten abusuak salatzen saiatuko da, baina ez du lortuko. Jooyongen pelotoiak gauez irteera bat egingo du, eta buruzagiak ahaleginak egingo ditu bere aurkako salaketa nork jarri zuen jakiteko. Beste gertakari bortitz baten ondoren, beste soldadu soil batek hortz bat hautsirik amaituko du, eta Jooyongek bere koinatuaren hortz-klinikara eramango du...
Munduaren azkenean dagoen herrialde urrun batean Tamara bizi da, hamabi urteko neska bat, Miguel karismadunaren zaintzapean. Miguel kultu baten liderra da, eta Tamarak miretsi egiten du. Uda horretan zeregin bat jarriko dio neskari: Miguelekin haur saindu bat izatea, lehen hilerokoa izan orduko. Tamara konturatuko da berak nahi duen bizitza ez datorrela bat ezarri dioten patuarekin. Desobedientziaren ondorioz, neskatik emakumera bilakaera bortitza izango du, eta pentsa ezineko modu batean lortu beharko du bere askatasuna.
Denbora luzea igaro ondoren, Rina bere irlara itzuliko da, Tigreko Delta sakonera. Bere bizitzaren zati handi bat eman zuen han, eta bertan hezi zuen bere semea. Orain bere etxea berreskuratu nahi du, eta berriz elkartu nahi du Facundorekin, hark ere irlatik alde egin baitzuen. Biek, amak eta semeak, guztia aldatu dela deskubrituko dute. Ibaiko makinek dena suntsitu nahi dute. Neskato bat oihanean galdu da. Eta ura gorantz egiten ari da.