"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Savage Cinema sailak paisaia aldakorrak irudikatzen ditu, hiriko tribuak eta naturan bizi diren eta naturaz gozatzen duten tribuak nahasten direneko horizonteak. Fenomeno minoritarioak aztertzeko espazio bat da, kultura gazte garaikideari forma ematen dioten fenomenoak, batzuetan gure herri-kulturaren parte izaten bukatzen dutenak.
Duela bost urte Red Bull Media House etxearekin elkarlanean sortutako sail hau ohiz kanpoko abentura eta biografiak ezagutzeko espazio bihurtu da. Savage Cinemak 30 film aurkeztu ditu guztira, genero eta gai desberdinetakoak, 10 herrialdetik baino gehiagotik etorriak. Programazio heterogeneoa eskaintzen du, benetako nahiz fikziozko gertakarien atzean «basakeria» eta «ohiz kanpokotasuna» darien tituluak biltzen dituena.
Bosgarren edizioaren kartela, 60ko hamarkadako parke natural baten postal modukoa, gonbidapen bat da, Savage Cinemaren mundua oraindik ezagutzen ez duten ikusleei eta errealizadoreei zuzendua. Errealizadoreek 2016ko urritik aurrera ekoitzitako lanak inskriba ditzakete, Espainian oraindik estreinatu gabeak badira. Uztailaren 16ra arteko epea dute inskribatzeko.