Zinema Eraikitzen Latinoamerikako film luzeen ekoizpena babesten duen plataforma profesionala da, eta filmok amaitzen eta nazioartean zabaltzen laguntzen du. Donostia Zinemaldiak eta Cinelatino, Recontres de Toulouse zinema-jaialdiak antolatzen dute Zinema Eraikitzen, eta Latinoamerikako eta Europako zinemagintzako profesionalen topaketa, elkarrizketa eta interakzioa sustatuz, zinemagile independenteen aniztasuna eta talentua bultzatzen ditu.
Zinema Eraikitzen sailaren 31. edizioan 17 herrialdetako 198 filmek eman dute izena. Toulouseko eta Donostiako zinema-jaialdien hautapen-batzordeak 6 film hautatu ditu, horietatik 5 opera primak: Rubén Sierra Sallesen Jazmines en Lídice; Martín Rodríguez Redondoren Marilyn –Europa-Latinoamerika III. Koprodukzio Foroan hautatuko proiektua–; Eliane Costerren Meio Irmão; Cecilia Atán eta Valeria Pivatoren La novia del desierto; Natalia Garagiolaren Temporada de caza; eta Marcela Saiden Los Perros –Saidek 2013ko Toulouseko Zinema Eraikitzen irabazi zuen, El verano de los peces voladores filmarekin–.
Mechek Raúl semearen hutsa sentitzen du; bere gela bere horretan dago, eta bere arropa armairuan dago oraindik. Arrisku bat gertu dagoelakoan, Lídicetik alde egiteko konbentzitzen saiatuko dira Dayana eta Anabel alabak; hots, bizi guztian bizi izan zen auzotik. Dayanaren urtebetetzea aitzakiatzat hartuta, bildu egingo da familia, eta, tartean, Raúlen emaztea. Mingarria izango da topaketa: gauzak aurpegiratuko dizkiote elkarri eta zauriak irekiko dira, gelditu zirenen minaren erantzule sentitzen denaren begirada indargabearen aurrean. Opera prima.
Marcosek, hamazazpi urteko laborantzako beharginak, bere sexualtasuna topatuko du etsai-giro batean. Herriko beste nerabe batzuek Marilyn goitizena jarriko diote, eta desioen zein bereizkeriaren jomuga bihurtuko da. Marcos egunetik egunera itoago sentituko da. Opera prima.
Sandra (16) duela egun batzuk desagertu zen amaren bila ari da. Denborak aurrera egin ahala, arazoak pilatu egingo dira eta Jorge haurriderdia bilatu beharko du, harekin harreman gutxi izan arren. Jorge bere aitarekin bizi da eta berarekin egiten du lan, segurtasuneko kamerak instalatzen dituen enpresa batean. Sandra agertzean, mugikorrarekin grabatu duen bere lagun baten aurkako eraso homofoboaren irudiak ez zabaltzeko mehatxuak jasotzen ariko da. Laguna atsegin du, aitortu ez dion arren. Opera prima.
Teresa (54) etxeko langile jardun da hogeitaka urtez Buenos Airesen. Orain, familiak etxea saltzea erabaki du eta berak beste lan bat onartu beharko du leku urrun batean. Bidaien zalea ez den arren, desertuan barrenako zeharkaldi bati ekingo dio. Lehen geldialdian, «Correa defuntua» mirarigilearen lurretan, poltsa galduko du, eta harekin bere ondasun guztiak. Ondorioz, saltzaile ibiltari batekin egin beharko du bidaia, lagundu diezaiokeen pertsona bakarrarekin. Eta bidearen amaiera zirudiena bere salbazio bihurtuko da. Opera prima.
Mariana (42) emakume zertxobait xelebrea da, eta burgesia txiletarraren artean nabarmentzen da. Francisco aitak maitasunez eta adeitasunez hazi du, baina baita nolabaiteko sendotasunez ere. Pedro senarra arkitektoa da eta lan gehiegi egiten du; harreman higatua sumatzen da. Mariana Juanekin (60) kontsolatuko da; alegia, iragan iluna duen zaldiketako irakasle eta armadako koronel ohiarekin.
Nahuel institutua amaitzear dago Buenos Airesen, baina bat-batean ama hilko zaio. 18 urte bete arteko azken hiru hilabeteetan Ernesto aitarekin bizi beharko du, legeak behartuta. Aita ehiztaria da, eta herri txiki batean bizi da mendietatik gertu. Hamar urte baino gehiago eman dituzte elkar ikusi gabe. Bidaia hasi eta natura bere ingurune berri bihurtzen denean, maitatzeko eta hiltzeko gaitasunari aurre egingo dio Nahuelek. Opera prima.
Zinema Eraikitzen saileko 31. edizioan honako sari hauek banatuko dira:
ZINEMA ERAIKITZEN SARIA TOULOUSE
Enpresa laguntzaileek postprodukzio-zerbitzuak eskainiko dituzte, baita saritutako filmaren Frantzian postprodukzio-lanak egiteko CNCren beka bat ere.
Toulouseko Zinema Eraikitzen saria enpresa eta erakunde antolatzaileen ordezkariz osatutako epaimahaiak emango du:
CCAS (Caisse Centrale d’Activités Sociales du personnel des industries électriques et gazières), CNC (Centre National du Cinéma et de l’Image Animée), Commune Image, Eaux Vives, Firelfly, Mactari,
Titra TV.
CINE + ERAIKITZEN SARI BEREZIACINÉ
+ kanalak bermea ematen dio sariaren film irabazleari 15.000 €-tan erosi egingo duela eta telebistan emango duela. Sari hori filma Frantzian banatuko duen etxeari emango zaio.
EUROPAKO BANATZAILEEN ETA EXHIBITZAILEEN SARIA
Europa Distribution banaketa-sareak eta CICAE elkarteak (Confédération Internationale des Cinemas d’Art et d’Essai) filma sustatuko dute.
Sarien xehetasunak ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.
Zinema Eraikitzen sailak honako enpresa eta erakunde hauen babesa du: Programa Ibermedia, Daniel Goldstein, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones, No Problem Sonido, Wanda Visión eta Conferencia de Autoridades Cinematográficas Iberoamericanas. Ete beste hauen laguntza: Caisse Centrale d’Activités Sociales du personnel des industries électriques et gazières (CCAS), Centre National du Cinéma et de l’Image Animée (CNC), CINÉ + Commune Image, Confédération Internationale des Cinémas d’Art et Essai (CICAE), Conseil Général de la Haute Garonne, Creative Europe MEDIA, Eaux Vives, École Supérieure d’Audiovisuel (ESAV), Europa Distribution, Firefly, La Cinéfondation, La Trame, Mactari, Mairie de Toulouse, Producers Network (Cannes), Région Occitanie Pyrénées-Méditerranée, Signis eta Titrafilm.
Ondorengoen babesarekin