Web gune ofiziala Euskaraz | castellano | english | contacto Kontaktuak
facebook twitter flickr rss boletines
61 edición


Donostia 2016 Portada


Berriak
Hemen zaude: Lehen orrialdeaBerriak › «Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia» sailaren bigarren edizioaren aurkezpena
Artxiboa
Donostia Sariak    • Sariak    • Epaimahaia    • Sailak eta filmeak    • Kartelak    • Egunez eguneko argazkiak   
«Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia» sailaren bigarren edizioaren aurkezpena
2012 / 08 / 03

Basque Culinary Centerrek, Donostia Zinemaldiak eta Berlingo nazioarteko zinema-jaialdiak «Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia» sailaren programazioa aurkeztu dute gaur, abuztuak 3. Prentsaurrekoan izan dira Thomas Struck, Berlingo zinema-jaialdiko «Culinary Cinema» saileko arduraduna, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria, eta José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria.

«Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia» sailaren lehendabiziko edizioak oso harrera ona izan zuen iaz. Arrakasta hori ikusirik, Donostia Zinemaldiaren 60. edizioak gastronomia hizpide duten zazpi luzemetrai eta laburmetrai bat programatu ditu. Emanaldi bakoitzaren ondoren, afari tematikoak izango dira, sukaldari eta jatetxe garrantzitsuenetakoek prestatuta.

«Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia» saila Donostia Zinemaldiaren, Berlingo nazioarteko zinema-jaialdiaren eta Basque Culinary Centerren arteko lankidetza da. Helburua zinema eta gastronomia elkartzea da, kontuan izanda, batetik, Donostia Zinemaldia FIAPFen kategoria goreneko lehiaketa-jaialdia dela, eta, bestetik, metro koadroko Michelin izar gehien dituen lurraldea dela.

Aurten, zortzi film programatu dituzte: sei film luze eta film labur bat estreinatuko dira, eta Gabriel Axelen Babettes gaestebud (1987) filma berreskuratuko da. Film horrek atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen 1988an.



FILMAK


Irailak 22:
COMME UN CHEF, Daniel Cohen (Frantzia)
INAUGURAZIOA

Alexandre Vauclair chef izarra ez da ondo moldatzen jatetxearen jabe den enpresaren zuzendaritza berriarekin; izan ere, sukaldaritza molekular berriaren aldeko apustua egin nahi dute zuzendari berriek. Vauclair etsipenak jota dago. Ez daki zer ipini kritikari gastronomikoek puntuatuko duten menu berrian. Alexandrek inspirazioa behar du, bai eta laguntzaile berri bat ere. Orduan, Jacky ezagutuko du, goi-sukaldaritzaren zale amorratua: autodidakta, burugogorra eta talentu handikoa.
 

Irailak 23:
ENTRE LES BRAS, Paul Lacoste (Frantzia)
Michel Bras chef frantsesak, hiru Michelin izar dituenak, Aubrac eskualdearen bihotzean daukan jatetxea bere seme Sébastieni oinordetzan uztea erabakiko du 2009an. Aita-semeek beren ibilbidetako une erabakigarri bat izango dute aurrez aurre: posible al da bizitza osoko lana beste norbaiti uztea? Posible al da semeak izen ona bere kabuz bakarrik lortzea? Dokumental honek familia bateko hiru belaunaldiren historia kontatzen du, baita aitak semeari pasatzen dion sukaldaritzako jakintza ere.
 

Irailak 24:
LUPE EL DE LA VACA, Blanca Aguerre (Mexiko)
«Lupe el de la vaca» pertsonaia bitxi baten izena da; ez dugu inoiz ikusiko, baina dokumental honi izena emango dio. Sierra del Tigreko (Jalisco) komunitate bateko pertsonengana hurbiltzeko aitzakia ludikoa izango da, bai eta Mexikon landa-giroan bizirauteari buruz hitz egiteko ere. Egiten dutena maite duten landako langileei egindako omenaldi soila eta zintzoa.
 

Irailak 25:
JERUSALEM ON A PLATE, James Nutt (Erresuma Batua)
Yotam Ottolenghi sona handiko chefa da nazioartean. Sorterrira itzuliko da, Jerusalemera, ezohiko aberastasuna eta dibertsitatea dituen kulturaren altxor ezkutuak aurkitzera. Arabiarrekin eta judutarrekin arituko da sukaldean; dela jatetxeetan, dela etxeetan. Hala, ehunka urtetako tradizioa ezagutu, hiria definitzen duten platerak sortu, eta bere aho-sabaian eragina izan duten zaporeak eta errezetak aztertuko ditu.
 

Irailak 27:
LES SAVEURS DU PALAIS, Christian Vincent (Frantzia)
Hortense Laborie, Périgordeko chef ezaguna, zur eta lur dago: Errepublikako presidenteak bere chef partikular izendatu du eta, aurrerantzean, Eliseo jauregian egiten dituen bazkari pribatu guztiez arduratu beharko du. Sukaldeko langile askoren jeloskortasuna eta inbidiak gorabehera, Hortensek berehala lortuko du guztien errespetua, bere talentuari esker. Bere plateren autentikotasunak liluratu egingo du presidentea, baina boterearen pasilloak tranpaz josita egongo dira. François Mitterranden sukaldari pribatuaren benetako istorio berezian oinarritua.
 

Irailak 27:
BABETTES GAESTEBUD, Gabriel Axel (Danimarka)
Zinema gastronomikoaren klasiko ukaezina kopia digitalizatuan eta zaharberrituan; Isaak Dinesen idazlearen eleberrian oinarritutako istorio honek Stéphane Audran du protagonista. Puritanismoa nagusi den Danimarkako herrixka urrun batean, bi ahizpa ezkongabek aspaldiko gazteria ekarriko dute gogora nostalgiaz, bai eta poztasuna zapuztu zieten hezkuntza zurruna ere. Halako batean, Babette agertuko da Paris aldetik, Izualditik ihesi. Eta bi ahizpen bizitzak aldatuko ditu. Ontasunez eta berotasunez hartuko dute iritsi berria; ordainetan, frantziarrak sekulako afaria prestatuko die, Frantziako gastronomiako plater eta ardo onenekin.
 

Irailak 28:
PERÚ SABE: LA COCINA, ARMA SOCIAL, Jesús M. Santos (Peru-Espainia)
Peruko gastronomia herrialdearen ikur nagusi bilakatu da, bai eta erreferente ere nazioartean, herrialde horretako kultura, biodibertsitatea eta mestizajea direla-eta. Hamarka mila gazte jarraitzaile sutsu dauzka. Dokumental honetan, Ferran Adrià eta Gastón Acurio Perun barrena ibiliko dira (Cuzco, Iquitos, Lima, Arequipa, erdialdeko mendilerroa, Piura, Pisco…). Sukaldariekin hitz egingo dute eta milaka gazterekin bilduko dira fenomenoa ulertzeko. Sukaldaritza arma sozial gisa: Limako auzorik pobreenean dagoen Pachacútec ikastetxea da horren ikur.
 

Irailak 28:
KITCHEN DREAMS, Felipe Ugarte (film laburra) (Espainia)
Naia zortzi urteko neska koskorra da, eta jostailuzko sukaldearekin jolastea gustatzen zaio: «Sukaldean ibiltzea gustatzen zait, oso ondo pasatzen baitut». Handitan, sukaldari izan nahi du, eta gauean, oheratzen denean, begiak itxi eta sukaldean ibiltzea zenbat duen gustuko pentsatzen du. Orduan, ametsek mundu magiko batera eramango dute; bertan, bere nahiak errealitate bilakatuko dira.
 


EGITARAUA


Eguna
Filma
Jatetxea
Sukaldaria

22 COMME UN CHEF Basque Culinary Center Donostiako Xarma jatetxeko Aizpea Oihaneder eta Xabi Díez, eta Tolosako Frontón jatetxeko Roberto Ruiz

23 ENTRE LES BRAS ni neu Mikel Gallo

24 LUPE EL DE LA VACA Mirador de Ulía Mirador de Ulía jatetxeko Rubén Trincado eta Mexiko Hiriko Biko jatetxeko Bruno Oteiza

25 JERUSALEM ON A PLATE Illarra Josean Eizmendi

27 LES SAVEURS DU PALAIS Iñigo Lavado (Irún) Iñigo Lavado

27 BABETTES GAESTEBUD Bokado Aquarium Mikel Santamaría

28 PERÚ SABE: LA COCINA, ARMA SOCIAL Basque Culinary Center Madrilgo Nikkei 225 jatetxeko Luis Arévalo


SUKALDARIAK


Aizpea Oihaneder eta Xabi Díaz, Xarma jatetxea
Aizpeak eta Xabik hamar urte baino gehiago daramatzate elkarrekin lanean; Badajozko Rocamador preziosistan Michelin izar bat lortu zuten, eta, orain, Donostian, sukaldaritza fina eta abangoardiakoa oinarri duen proiektua dute, funts sendoduna eta produktuaren bikaintasunarekin arduratsua.

Roberto Ruiz, Tolosako Frontón jatetxea
Tolosako Frontón jatetxeko sukaldaria da orain dela hogei urtetik. Bere jatetxea produktuaren tenplu bilakatu du. Plateren jatorria ikertu eta kalitatea lantzen du ekoizleekin, eta, ostean, sentikortasun izugarriarekin eraldatzen ditu osagaiok.

Mikel Gallo, ni neu jatetxea
Mikelek hurbiltasun bokazioa duen sukaldea zuzentzen du. Eta bete-betean lortu du lortu ere: keinu tradizionaletan oinarrituta, teknika garaikideak eta oso pertsonalak erabiltzen ditu sukaldean. Emaitza bikaina eta ulergarria da, eta bat dator ni neu jatetxearen inguru bereziarekin. Hurbileko bikaintasuna.

Ruben Trincado, Mirador de Ulía jatexea
Mirador de Ulía jatetxeko chef eta jabea. Michelín izar bat lortu zuen 2010. urtean. Abangoardia ikur hartuta, etorkizuna nondik joango den erakusten duen chefetako bat da.

Bruno Oteiza, Biko jatetxea (Mexiko Hiria)
Oso gazterik hasi zen sukaldean, eta gutxi dira bere prestakuntza eta ibilbidea duten profesionalak; izan ere, chef garrantzitsuak eta etxe handiak izan ditu irakasle eta lantoki. Juan Mari Arzakekin bide du antzekotasun handiena, Mexikon hainbat proiektutan lan egin baitute elkarrekin. Brunok bi jatetxe ditu: D.O., Pablo San Románekin batera, eta Biko, munduko 50 onenen artean dagoena. Biak ala biak ere Mexikon.
Hedabideetan maiz ikus daitekeen sukaldaria da, baina, ororen gainetik, kultura mexikarraren eta euskal kulturaren arteko benetako zubi eta erreferente da.

Josean Eizmendi, Illarra jatetxea
Illarra erretegia erreferente bilakatu da parrillarekin lan egiten duten jatetxeen artean. Izan ere, azken urteotan izugarri garatu diren tekniken eskutik, erretegien sektoreak iraultza bizi izan du. Josean teknika berritzaile horien aitzindari da, eta bere ekarpena onartua eta saritua izan da. Sukaldari berritzailea da, irekia, jatunari irakasteko bokazioa duena. Horrez gain, izugarri zorrotza da eskaintzen dituen produktuen kalitatearekin.

Iñigo Lavado, Iñigo Lavado jatxea (Irun)
Sukaldari gaztea da, baina dagoeneko ibilbide profesional oparoa egindakoa. Jatetxe handietan trebatu ostean, proiektu egonkorra osatu du. Lan egiteko eta kudeatzeko modu berriak esploratzeko prest da beti. Lavadoren Singular kontzeptua eredu aitzindaria da, zentzu guztietan.

Mikel Santamaria, Bokado Aquarium jatetxea
Aquariumeko Bokado jatetxean lan egiten du Mikelek. Jatetxe bikaina da, eta ez bakarrik bere ikuspegi paregabeengatik, baita bertako proposamen gastronomikoengatik ere. Sukaldaritza modernoan zein abangoardiakoan esperientzia luzea du Mikelek, baina baita kalitate ezin hobeko zerbitzuak eskaintzen ere.

Luis Arévalo, Madrilgo Nikkei 225 jatetxea
Luis Arévalo perutarrak Madrilgo jatetxe pribilegiatu batean lan egiten du; pribilegiatua bai kokalekuarengatik, bai espazioaren arkitektura eta dekorazioagatik.
Luis Arévaloren sukaldaritzak lerro propioari jarraitzen dio; oso landua, Peruko tradizio eta kulturan errotua, Japoniako sukaldaritzarekin fusioan. Arévaloren elaborazioek autentikotasuna eta pertsonalitate handia dute ezaugarri. Nikkei sukaldaritza izenez ezagutzen denaren proposamen pertsonal eta ebolutiboa.





COMME UN CHEF

COMME UN CHEF

Zuzendaria: Daniel Cohen

BABETTES GAESTEBUD

BABETTES GAESTEBUD

Zuzendaria: Gabriel Axel

ENTRE LES BRAS

ENTRE LES BRAS

Zuzendaria: Paul Lacoste

LES SAVEURS DU PALAIS

LES SAVEURS DU PALAIS

Zuzendaria: Christian Vincent

JERUSALEM ON A PLATE

JERUSALEM ON A PLATE

Zuzendaria: James Nutt

LUPE EL DE LA VACA

LUPE EL DE LA VACA

Zuzendaria: Blanca Aguerre

PERÚ SABE: LA COCINA, ARMA SOCIAL

PERÚ SABE: LA COCINA, ARMA SOCIAL

Zuzendaria: Jesús M. Santo

KITCHEN DREAMS

KITCHEN DREAMS

Zuzendaria: Felipe Ugarte


Documento sin título
«Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia» sailaren bigarren edizioaren aurkezpena
tv 00:02:00
 

http://www.turismoa.euskadi.net

Babesle ofiziala:
Babesle ofiziala | Patrocinador oficial: TVEGas Natural Fenosa TVE
Laguntzaile Ofizialak:
Kolaboratzaile ofiziala | Colaborador oficial AUDI – Colaborador Oficial y Vehículo Oficial Kutxa
Instituzio Kideak:
Instituzio Kideak | Instituciones socias Ministerio de Cultura Gobierno Vasco Diputación Foral de Guipuzkoa Ayuntamiento de San Sebastian


© Festival Internacional de cine de Donostia-San Sebastián - Desarrollado por: Yo Miento Producciones