Jaeger-LeCoultre harro dago seigarren urtez jarraian Donostia Zinemaldia babesteaz, egunez egun zinemagintzaren artea sortzen eta eszenaratzen diharduten hainbati laguntze aldera.
Goi-mailako erlojugintzak eta zinemak balio berberak dituzte: biek ala biek ametsak eta liluraren zentzua sortzen dute, estetikaren eta trebezia teknikoaren bitartez. Jaeger-LeCoultre bere artisau ugarien talentuan bermatzen da aparteko erlojuak sortzeko, zinemak obra berdingabeak sortzeko idazle, zuzendari, zinemagile, antzezle eta teknikariak oinarri dituen bezala. Sormen eta asmamen berak gatzatzen ditu bi alorrak.
Aurten, La Grande Maisonek Zinemaldian duen presentzia finkatuko du, bigarrenez emango baitu Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre saria Latinoamerikako zinemagintzaren figura nabarmen baten ohorez. Bigarren edizio honetan Paz Vegak jasoko du saria, nazioartean ospe handia duen espainiar antzezleak. Saria datorren irailaren 23an emango da, Victoria Eugenia antzokian egingo den gala batean, Donostia Zinemaldiaren esparruan.
Donostia Zinemaldiarentzat, sariak mugarri berria markatzen du Latinoamerikarekiko harremanean; izan ere, are gehiago estutzen ditu hango zinemagintzarekiko loturak eta balioa ematen dio hango zinemagileen jardunari. Lehen edizioan, Gael García Bernal aktore, zuzendari eta ekoizlea izan zen sariaren hartzailea.
Jaeger-LeCoultrek VIP Lounge bat izango du Zinemaldian zehar María Cristina hotelean, Luxury Collection Hotel bat, eta bertan hartuko ditu markaren lagunak eta zinemaren munduko protagonista nagusietako zenbait. Gainera, abagune honetarako, Jaeger-LeCoultre izango da Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre saria banatzeko gala eta gero egingo den festaren anfitrioia. Festaren helburua Latinoamerikako zinemagintza ospatzea da. Entzute handiko aktoreak izango dira bertan, baita zinemaren munduarekin zerikusia duten konta ezin ahala gonbidatu ere.
Era berean, Jaeger-LeCoultre VIP Loungean gauzatuko da Jaeger-LeCoultre eta Aladina Fundazioaren arteko lankidetza ere. Aurten, proiektu berri batean lagundu nahi izan dio Jaeger-LeCoultrek fundazioari. Proiektuaren helburua da 20 haurri aukera ematea Italian kokatutako Dynamo Camp kanpamentu berrian bizipen zeharo berezia izateko. Fundazioa 2017ko udan hasi da kanpamentu horrekin lanean. Oro har, kanpamentuok esperientzia ahaztezina ematen diete bertara joaten diren haur eriei, eta horri esker autoestimua berreskuratzen dute eta energia berriekin itzultzen dira, minbiziaren aurka borrokatzen jarraitzeko. Lan guztia medikuen ikuskapen profesional eta diskretuarekin egiten da. Jaeger-LeCoultre markak Aladina Fundazioari ematen dion laguntzari esker, minbizia duten Espainiako gero eta haur eta nerabe gehiago joan daitezke udan kanpamentu horietara, guztiz doan.
Paz Vega, nazioartean sona handia bildu duen antzezle txalotua, dozenaka filmen protagonista izan da bai Europan bai Amerikan. Lauraren paperean egin zuen debuta, sei denboraldiz Siete vidas telesailean. Espainiako telebistan luzeen iraun zuen sitcometako bat izan zen. Ondoren pantaila handirako jauzia eman zuen sevillarrak, eta Europako ikus-entzuleen arreta bereganatu zuen 2001ean, emakumezko aktore berri onenaren Goya eta emakumezko aktore onenaren Chopard saria irabazi zituenean Julio Medemen Lucía y el sexo filmean Lucía hezurmamituta. 2001ean ere Javier Balaguerren Solo mía protagonizatu zuen Pazek, eta beste Goya baterako izendapena lortu zuen, oraingoan emakumezko aktore onenaren kategorian. Horrenbestez, mugarri bat markatu zuen Espainiako sari prestigiotsu horien historian, emakumezko aktore batek lehen aldiz jasotzen baitzituen bi izendapen, edizio bakar batean, bi rol desberdinengatik.
2002an Pedro Almodóvarren Hable con ella filmean agertu zen. Lan horrek jatorriko gidoi onenaren Oscar saria eta atzerriko film onenaren Urrezko Globoa eraman zituen, besteak beste. 2013an, Los amantes pasajeros filmean, berriz ere aritu zen espainiar zuzendari entzutetsuarekin elkarlanean. 2003an Vicente Arandaren Carmen hezurmamitu zuen Prosper Mériméeren izen bereko eleberrian oinarritutako filmean. Carmen eta gero, Europako historiako hainbat pertsonaia enblematiko antzeztu ditu Pazek: besteren artean, Santa Teresa Avilakoa Ray Lorigaren Teresan (2007); María Callas Olivier Dahanen Gracen -Canneseko 2014ko zinema-jaialdiari hasiera eman zion filma-; eta Maria Hungariakoa Emperor (2017) filmean, Adrien Brodyrekin.
Columbia Pictures etxeak ekoitzitako Di que sí (2004) komedia erromantikoa protagonizatu ondoren, James L. Brooks zuzendariaren arreta erakarri zuen, eta hark gonbita luzatu zion Spanglish filmean Flor antzez zezan, Adam Sandler aktorearekin batera. Rol protagonista horri esker, Phoenix Film Critics Society elkartearen emakumezko aktore berri onenaren saria irabazi zuen. Spanglish egin zuenetik zinemagile txalotuen zuzendaritzapean jardun dun Paz Vegak, adibidez, Frank Miller, Danis Tanovic, Oliver Parker, Michelle Placido eta Taviani anaiekin, eta antzezle ezagunekin aritu da lanean, esaterako, Scarlett Johansson, Sarah Jessica Parker, Andie McDowell, Eva Mendes, Colin Farrell, Nicole Kidman, Tim Roth, Christopher Lee eta Morgan Freemanekin. Horrez gain, protagonista izan zen Jada Pinkett Smith-en lehen zuzendaritza-lanean, hau da, Will Smithek ekoitzitako Human Contract (2008) filmean.
Paz Vegak ingelesez, espainieraz, frantsesez, portugesez eta italieraz antzeztu du. Duela gutxi All Roads Lead to Rome (2015) komedia erromantikoan agertu da, Sarah Jessica Parker eta Claudia Cardinale antzezleekin batera, baita AEBko telebistarako bi lan hauetan ere: Ben Affleck-ek ekoitzitako Big Time in Hollywood FL (2015) telesailean, Cuba Gooding Jr. eta Michael Madsenekin, eta Beautiful and Twisted (2015) produkzioan, Candice Bergen eta Rob Lowerekin. 2016an Manolo Caro mexikar zuzendariaren komedia berria, La vida inmoral de la pareja ideal, protagonizatu zuen Paz Vegak. Orobat espainierazko ahotsa izan zen 2016ko Río de Janeiroko Joko Olinpikoetarako kanpainan, Uma Thurman eta Juliette Binoche bezala, haiek ingelesezko eta frantsesezko ahotsak jarri baitzituzten, hurrenez hurren. Protagonistaren rola bete zuen Perdónamen ere, Espainiako Telecinco katearen telesailean.
Paz Vega Espainiara itzuli da, Amerikako Estatu Batuetan hamalau urtez bizi ondoren. Los Angelesen bizi arren, ez ditu ahaztu bere sustrai espainiar eta europarrak. Hala Andaluziak nola Sevilla eta Malaga hiriek behin baino gehiagotan saritu dute mundu osoan bere sorlekuaren ordezkari gisa egin duen etengabeko lana. Andaluziako Domina, Sevilla hiriaren Domina eta Sevilla probintziaren Urrezko Domina prestigiotsua jaso ditu Paz Vegak, baita, duela gutxiago, Malaga Sur saria ere, Malagako 2016ko zinema-jaialdian, bere lan-ibilbide osoaren errekonozimendu gisa. Nazioarteko hainbat zinema-jaialditan epaimahaikide izan da, halaber, Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiko (2015) Orizzonti sail ospetsukoa barne.
1833an sortu zenetik, erlojugintzaren ondarearekiko leialtasuna gorde du Jaeger-LeCoultrek; aldi berean, bere espiritu berritzaileari ere eutsi dio, eta halaxe sortzen ditu gama handiko erloju gogoangarriak. Bikaintasuna bilatzeko konpromisoz eta bere sormen handian oinarrituz, Manufakturak bere horretan eutsi dio zinematografiaren artea sustatzeko eta babesteko nahiari.
Jaeger-LeCoultre hamarkada batean baino gehiagoan aritu da munduko zinema-jaialdi onenekin lankidetzan, besteak beste, Venezia, Shanghai eta Donostiakoarekin. Gainera, zinemagileen talentu sortzaileari ere egiten dio gorazarre, urtero Glory to the Filmmaker saria banatuz. Gure Manufakturak lotura sendoa ezarri du zazpigarren artearen munduarekin, ikuspegi eta xede berbera baitu: segundo bakoitza betiereko istant bihurtzea.
Rendez-Vouz erlojua, erabat femeninoa, zurekin egongo da une eder bakoitzean eta rol guztietara egokituko da. Jaeger-LeCoultrek zinemaren historiako une edo eszena ikonikoren bat harrapatuz barruan daraman antzezlea ateratzeko gonbita luzatzen dio emakumeari. Mundu guztiarekin partekatu ahal izango duen emozio-une paregabea.
#LikeinaMovie
“Zinema latinoaren Jaeger-LeCoultre sariak” mugarri berri bat markatzen du Zinemaldia eta mundu latinoaren artean, beraien zinemarekin harremanak sendotzen ditu eta zinemagile latinoen lana nabarmentzen du.
Lehenengo edizioan, saria Gael García Bernal aktore, zuzendari eta ekoizleak jaso zuen.