Donostia Zinemaldiak onlineko kartel-lehiaketa antolatu du jaialdiaren 65. edizioan bere bost sail nagusien irudiak izango direnak aukeratzeko: Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak eta Culinary Zinema.
Kartel ofiziala berriz ere, parte hartzera berariaz gonbidaturiko 10 diseinu-estudiok aurkezturiko proposamenen artean aukeratuko da. Hauen artean lehengo urteko estudio irabazlea egongo da.
Zinemaldiaren helburua sorkuntza eta partaidetza sustatzea da, baita jaialdiaren hedapena bultzatzea ere. Onlineko lehiaketa diseinatzaile guztiei irekita dago, eta herritarrek kartelik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Ostean, epaimahai batek irabazlea hautatuko du boto gehien lortzen duten lanen artean. Era berean, gustukoen zuten kartelaren alde botoa ematen duten guztien artean sariak zozketatuko dira.
Honako sail hauetan aurkeztu ahal izango dira 65. ediziorako kartelak: Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak eta Culinary Zinema. Parte-hartzaileek sail bakarrera edo guztietara aurkezteko aukera izango dute, eta, gainera, nahi beste kartel aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara.
Aurreko urteetan bezala, jaialdiaren atari ofizialean gune espezifiko bat egongo da: sansebastianfestival.com/kartellehiaketa. Gune horrek partaidetza bultzatu eta lehiaketaren kudeaketa ahalbidetuko du, eta fase hauetako bakoitzaren garapena gertutik jarraitu ahal izango da.
Kartel irabazleak aukeratzeko, lehen hautaketa bat egingo da gehienez saileko 20 proposamenekin (sansebastianfestival.com/kartellehiaketa helbidean publikoaren boto gehien jaso dituzten sail bakoitzeko 10 proposamenekin, eta beste 10 arte, Zinemaldiak berak hautatutakoekin).
Zinemaldiak proposamenen originaltasunari erreparatuko dio bereziki, baita diseinuari, konposizioari eta sortzen duten begi-inpaktuari ere.
Kartel hauek izango dira 2017ko martxoaren 10ean jakinaraziko diren lehiaketaren finalistak.
Epaimahai batek sail bakoitzeko irabazleak hautatuko ditu eta irabazleei martxoaren 14an jakinaraziko die; irabazleen izenak maiatzaren 5ean Donostia Zinemaldiak antolatuko duen prentsaurreko batean ezagutaraziko dira. Prentsaurreko horretan, saritutako lan guztiak aurkeztuko zaizkie komunikabideei.
Egun horretan bertan, informazio hori guztia Zinemaldiaren webgunean argitaratuko da, baita lehiaketaren orrian ere.
Lehiaketaren irabazleak edo irabazleek 1.000 euro garbi jasoko dituzte karteleko eta sail bakoitzeko kasuan.
Botoa emanez parte hartu duten herritar guztien artean, bost sari banatuko dira (bat sail bakoitzeko). Sariok honakoak izango dira: 10 emanaldirako abonamendu bat eta Zinemaldiaren 65. edizioko argitalpen sorta bat.
Informazio gehiago eskuratzeko, lehiaketaren oinarriak honako helbidean daude eskuragarri oso-osorik: sansebastianfestival.com/kartellehiaketa
Kartelak lehiaketara aurkezteko zein kartel gustokoenen aldeko botoa emateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.