Jacques Becker Parisen jaio eta hil zen (1906-1960), eta hamahiru film luze besterik ez zituen egin denbora-tarte labur samarrean; 1942tik 1960ra bitartean. Kopuruz urria dirudien arren, maisulanetan oparoa izan zuen ibilbidea. Horren adibide dira Casque d’Or (1952), Touchez pas au grisbi (1954) eta Le Trou (1960) filmak, nahikoa eta gehiago direnak Frantziako zinemaren historiako egilerik garrantzitsuenetako bat dela esan ahal izateko.
Ideologiaz komunista zen, baina ez zuen sekula zinema soziala landu, ez bederen zentzu hertsian. Fronte Popularraren zineman jaso zuen prestakuntza Beckerrek eta Jean Renoirren laguntzaile izan zen. La grande illusion (1937) filmaren egilearen eraginak jaso zituen, haren laguntzailea izan zenez, aipatutakoaz gain beste zazpi filmetan, baita Bigarren Mundu Gerra aurreko Estatu Batuetako zinema klasikoarenak ere. Esate baterako, oso gustukoak zituen King Vidor eta Howard Hawks. Klasizismoa igartzen da haren hasierako estiloan, baina berehala heldu zion modernotasunari, eta halabeharrez findu okupazio-garaian eta gerraostean. Ez da harritzekoa Cahiers du cinéma aldizkari ospetsuko kritikari saldoak Frantziako gerraosteko zineman ontzat eman daitekeen zuzendari bakanetako bezala izendatzea; izan ere, Truffaut, Godard eta tankerakoen iritzian –akademizismoaren etsai amorratuak haiek–, Renoir maisuaren parean dago Becker, zehazki, Jean Cocteau, Jean-Pierre Melville, Max Ophüls, Robert Bresson eta Jacques Tati egileen maila berean.
Izugarri zaintzen zituen xehetasunak, bai barnealdean birsortutako garai bateko dekoratuetan, bai kanpoaldeko grabaketetan, eta dotorea zen eszenaratzean zein atmosferak sortzen, Casque d'Or filmeko atmosfera erromantiko eta bortitza kasu. Beckerrek inpresionismoa eta errealismoa uztartu zituen, arreta berezia eskaintzen baitzien kontakizunaren ingurune historikoari eta pertsonaien psikologiari. Cahiers du cinéma aldizkariko kritikariek modernotasuna sumatu zuten zinemagilearengan, eta, gerora, kritikariok eurek ipini zuten praktikan errealizazioaren bideari heldu ziotenean, Nouvelle vague deitutako mugimendu hartan. Alabaina, zailtasun handiak izan zituen hastapenetan. Debut ofizialaren aurretik, Dernier atout (1942), Beckerrek pare bat film labur egin zituen, Fronte Popularraren hauteskunde-kanpainari buruz Frantziako Alderdi Komunistak sustatutako dokumental kolektibo batean ere parte hartu zuen –La vie est à nous (1936), besteak beste, Jean Renoir eta Henri Cartier-Bresson egileek ere parte hartu zuten– eta L’or du Cristobal (1940) filmaren grabaketari ekin zion. Hori, ordea, Jean Stellik burutu zuen eta Beckerrek ez zuen sekula lanaren gaineko ardurarik bere gain hartu.
Mota guztietako generoetako baliabideak sumatuko ditu ikusleak egile honen lanetan, baina ezin da egin zituen pelikuletako bat ere kode zehatz baten arabera sailkatu, nahiz eta batzuetan genero jakin bat gailendu; komedia –Antoine et Antoinette (1947), Rendez-vous de juillet (1949), Édouard et Caroline (1951)–, melodrama –Goupi mains rounges (1943), Falbalas (1945), Rue de l’Estrapade (1953)–, gaizkile-zinema –Touchez pas au grisbi, polizia-kontakizun primerakoa, Jean Gabin aktorearekin, eta Casque d’Or, Parisko XX. mende hasierako gaizkile-jendearen erretratu bikaina, Simone Signoret eta Serge Reggiani aktoreekin–, biopic artistikoa –Montparnasse 19 (1958), Amedeo Modigliani margolariaren azken urteei buruzko istorio berezia– eta espetxe-ihesen generoa, bere Le Trou, ziur aski, maisulan gorena dena. Horrenbestez, bere estiloaren bereizgarri nagusia kodeak eta moldeak berrasmatzea izan zen. Kontsumo-zineman ere egin zuen lan; esaterako, abentura exotikoei buruzko Ali Baba et les quarante voleurs (1954), Fernandel protagonista zela, eta misteriozko eta lapur esku-zuri sofistikatuei buruzko Les aventures d’Arsène Lupin (1957) filmak zuzendu zituen.
Becker 1960ko otsailaren 21ean hil zen, Frantzian Le Trou estreinatzeko hilabete falta zela. Montparnasseko hilerrian ehortzi zuten. Bi seme izan zituen, Jean Becker errealizadorea eta 1995ean hil zen Étienne Becker argazki-zuzendaria. Bizitzaren azken urteetan Françoise Fabian aktorearekin ezkondu zen Jacques Becker.
Atzera begirako honek Beckerren film guztiak barne hartuko ditu; erdiak, Espainian merkaturatu gabeak. Donostia Zinemaldiak antolatu du zikloa, Espainiako Zinematekaren laguntzarekin. Zikloa osatzeko, zinemagileari buruzko liburu bat argitaratuko da, Quim Casasek koordinatuta.