"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Irailaren 26an bukatu zen Donostia Zinemaldiko 63. edizioak, guztira, 174.901 ikusle izan ditu. Horrek esan nahi du iazko edizioan baino 5.891 gehiago izan dituela (%3,5ko hazkundea) eta 2010ean baino 19.841 gehiago (%13).
Azken edizio honetan akreditatuen kopurua, guztira, 3.650ekoa izan da; hau da, iaz baino 252 akreditatu gehiago. Akreditatu horietatik, 1.495 Industry Clubeko jardueretan parte hartu duten profesionalak dira; iaz baino 176 gehiago (horrek esan nahi du % 13ko hazkundea izan dela) eta 2010ean baino 511 gehiago (%51eko hazkundea).
Beste alde batetik, 1.068 kazetari aritu dira lanean 39 herrialdetako 569 komunikabidetarako Zinemaldiaren edizio honetan; hau da, iazko kopuru beretsua (igoera txiki bat gertatu da, 17 kazetari gehiago akreditatu dira).