"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren Loreak filmak, Donostia Zinemaldiko 62. edizioan lehiatu zenak, Espainia ordezkatuko du Oscar® Sarietan.
Zinemaldiaren 62. eta 63. edizioetan aurkeztutako beste hamar film ere aukeratu dituzte Oscar® sarietarako lehen hautaketan beren herrialdeen ordezkari izateko.
2014ko Sail Ofizialean, Maxime Giroux-en Félix et Meira (Kanada) lehiatu zen; 2015ekoan, berriz, Levan Tutberidze-ren Moira (Georgia) filmaren mundu mailako estreinaldia egin zen Donostian.
Juris Kursietis-en Modris (Letonia) filmak Kutxabank-Zuzendari Berriak sarirako epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen 2014an.
Horizontes Latinos sailean honako hauek hartu dute parte: Gabriel Ripstein-en 600 Millas (Mexiko), Berlineko zinema-jaialdiko Panorama saileko opera prima onenaren saria; Ciro Guerraren El abrazo de la serpiente (Kolonbia), Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztua; Pablo Larrainen El Club (Txile), Berlineko zinema-jaialdiko epaimahaiaren Sari Nagusia; eta Jayro Bustamanteren Ixcanul (Guatemala), Alfred Bauer saria irabazitakoa Berlineko zinema-jaialdian, Zinema Eraikitzen 26 sailetik igaro eta gero.
Perlak sailari dagokionez, honako film hauek izendatu dituzte Oscar sarietarako hautagai: Pablo Traperoren El Clan, (Argentina), zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia Venezian; Hou Hsiao-hsien-en Nie Yinniang / The Assassin (Taiwan), zuzendari onenaren saria Cannesen; eta László Nemes-en Saul Fia (El hijo de Saul) (Hungaria), epaimahaiaren Sari Nagusia Cannesen.